Hezur-haragizkoago egin ziren artelanak

Errenazimentutik Ilustraziora gorputzaren irudikapenak artean bizi izan zuen aldaketa erakusten du 'Gorputza asmatzen' erakusketak. Ehun obra inguru daude ikusgai Donostiako San Telmo museoan

Besteak beste, eskultura ugari bildu dituzte erakusketan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Mendebaldeko artearen historian oso presente egon den gaia izan da giza gorputzarena. Garaian garaiko ikuspegiaren arabera, berau irudikatzeko erak aldatuz eta moldatuz joan dira artistak mendez mende. Eta, hain zuzen, artelanetan gorputzak izan duen bilakaera horren epe jakin bat sakon aztertzen du Gorputza asmatzen. Biluziak, anatomia, pasioak erakusketak. Askotariko ehun artelan inguru daude ikusgai Donostiako San Telmo museoan, Errenazimentutik Ilustraziora bitarte gauzatu zen «gorputzaren asmatze artistikoaren» erakusle direnak. Arteak eta zientziak giza gorputzean izan zuten interesaren lekuko ere badira obrak. 2019ko otsailaren 17ra bitarte egongo da ikusgai erakusketa.

San Telmo museoak Espainiako Eskultura Museoarekin —zeinak Valladoliden duen egoitza— elkarlanean ekoitzi du erakusketa, eta han ikusgai egon ondotik iritsi da Donostiara. Hainbat instituzioren eta erakunderen babesarekin, eta bi museoen zein bilduma publiko eta pribatuek utzitako hainbat lanekin osatu dute. Besteak beste, Jose de Ribera, Albrecht Duerer, Juan de Juni, Petri Paulo Rubens, Tintoretto, Pedro de Mena, Alonso Berruguete, Artemisia Gentileschi, Francisco de Zurbaran, Francisco de Goya eta Charles Le Brunen obrak daude ikusgai. Eta askotarikoak dira: eskulturak, margolanak, erliebeak, anatomia tratatuen liburuak, laminak, eskaiolazko moldeak, figura artikulatuak... Gai nagusiari lotutako hainbat azpigai edo kapitulutan banatu dituzte denak erakustaretoko espazioan.

Maria Bolaños Espainiako Eskultura Museoko zuzendaria izan da erakusketaren komisarioa, eta, azaldu duenez, «erabakigarria» izan da gorputzaren gaia artearen historian, baita gaur egunean ere. «Errenazimentura arte, mendebalde kristaua arimarekin kezkatuago zegoen, eta gizakiaren gorpuztasuna alde batera utzia zuen arteetan. Erromanikoko gorputzek, esaterako, ez zuten azalik, ez hezurrik, ez haragirik, ez odolik». Kultura berri baten hasierarekin, «gorputzak, objektu ulertezin izateari utzi, eta objektu ezinbesteko bilakatu zen». Eta artean isla izan zuen ikuspegi aldaketak.

Baita artistengan ere. Beren lanaren gaineko beste ikuspegi bat garatuko baitzuten, komisarioaren hitzetan. «Beste baliabide intelektual batzuen beharra sentitzen dute: medikuntzarena, anatomiarena, geometriarena, filosofia naturalarena...». Eta horietara hurbiltzen dira artistak, baita diziplina horiek artera ere. «Baina erakusketa ez da artea gehi zientzia; zientzia arte egiten den puntuak eta artea zientzia egiten den puntuak bilatzen ditu, jakintza paralelo horiek gurutzatzen eta elkarrekin hizketan hasten diren lekuak». Bolañosek garai hartako anatomisten tratatuak jarri ditu adibidetzat, Andres Vesaliorenak bereziki, gorputzaren ezagutzan aurrerapen handia ekarri zutenak: haiek irudiz osatzeko, anatomistek artistengana jotzen zuten, baina artistentzat ere beren lanerako jakintza iturri izan ziren tratatu horiek, matematika nahiz antzinako eskulturak bezala.

Garai hartako beste jauzi bat ere aipatu du komisarioak: gorputza emozioen isla gisa eszenan jartzea. «Ariman, barruan gertatzen den guztia adierazten du gorputzak, eta hori XVII. mendean ikasi, zehaztu eta kodifikatzen da». Biluztasunak Kontrarreformaren garaian hartu zuen pisua ere nabarmendu du, erakusketan jorratzen den gaien artetik. Eta, amaieran, areto txikiago batean bilduta, emakumearen gorputzaz egindako irudikapenak aztertu dituzte.

Rubensetik Gentileschira

Rubensen Fortuna (1636-38) olio pinturarekin hasten da erakusketaren ibilbidea. Eta bukatu, Gentileschiren Pinturaren alegoria (1630-40) margolanarekin bukatzen da. Bien obren artean, askotariko objektu eta irudiak biltzen ditu erakustaretoak. Artistek beren tailerretan lan egiteko garatu zituzten molde berrien erakusgarri dira Duererren maniki artikulatu txiki bat, 1525ean ezpal zurez eginikoa, eta anatomia eskola bat erakusten duen Passerottiren eskolako olio bat, esaterako. Anatomiak artean izandako itzalaren berri ematen du, berriz, San Bartolomeren martirioaren XVIII. mendeko lan anonimo batek.

Beste atal batean, gorputzen bidez emozioak adierazten dituzten lanak ageri dira; tartean, Gian Lorenzo Berniniren Arima kondenatua bustoa. Eta, aurrerago, zauritutako gorputzekiko «lilura» erakusten dute beste hainbat lanek. Ibilbidearen amaieran, emakumea ardatz duten irudiak dira nagusi, Veneziako eskolako margolan koloretsuak, tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.