Orkestra handiak berriz oholtzara

Donostiako 82. Musika Hamabostaldian sei orkestrak parte hartuko dute. 75 kontzertuko egitaraua izango da abuztuaren 1etik 27ra

Yuja Wang piano jotzaile txinatarra. NORBERT KNIAT.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Kursaaleko Foyerrean, Donostiako 82. Musika Hamabostaldia aurkeztu du Patrick Alfayak: egitarau zabala, Ibon Aranberri artistak egindako afixa, eta 1,8 milioi euroko aurrekontua.

Abuztuaren 1etik 27ra bitartean 75 kontzertu izango dira 35 agertokitan. Ekitaldi nagusiak Kursaalen, Viktoria Eugenia antzokian, San Telmo museoan, Tabakaleran, Miramar jauregian eta udaletxean izango dira; baina, Musika Hamabostaldiak egoitza nagusia Donostian duen arren, zenbait kontzertu eramango ditu Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko herri batzuetara, hala nola Loiolako eta Arantzazuko santutegietara, Hondarribiko Itsas Etxera, Hernaniko Txillida Lekura, Tolosako Andre Mari elizara, Leireko monasteriora, Senpereko Saint Pierre elizara, eta Lantarongo Orgaztarren jauregira.

Kursaalean sei orkestra igoko dira oholtzara: Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa, Budapesteko Festival Orkestra, Espainiako Orkestra, Galiziako Orkestra, Euskadiko Orkestra eta EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra. Haiekin izango dira mundu mailan entzutetsuak diren bakarlariak: Yuja Wang, Grigori Sokolov, Elisabeth Leonskaia, Dejan Lazic eta Mitsuko Uchida pianistak; eta Anne-Sophie Mutter, Leonidas Kavakos eta Julian Rachlin biolinistak.

Abenduaren 1ean eta 2an izango dira lehen emanaldi nagusiak Kursaalen. Gustavo Gimenok zuzenduko du Luxenburgoko Orkestra, eta Yuja Wang pianistak joko ditu Liszten Lehen kontzertua eta Mozarten Hogeigarren kontzertua. Gaur egungo piano jotzaileen artean, izar handietako bat Wang (Pekin, Txina, 1987).

Abuztuaren lehenean hasiko dira musika emanaldiak, igande eguerdian: udaletxeko batzar aretoan joko dute Iagoba Fanlok biolontxeloa eta Maria Jose Barandiaranek pianoa; eta, Kursaaleko Foyerrean, Kup taldeak, Gabriel Baltesen zuzendaritzapean. Arratsaldean Suhar eta Andra Mari abesbatzek kantatuko dute; Jose Ignazio Ansorenak txistua eta Joserra Senperenak pianoa joko dute udaletxean; eta, egunaren amaieran, Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak Miramar jauregian.

Kursaaleko kontzertuak

Egitarau nagusia, musikari entzutetsuak eta orkestra handiak Kursaaleko oholtzan kokatuko dira.

Abuztuaren 8an Julian Rachlin biolinistak (Vilnius, Lituania, 1974) Mendelssohnen kontzertu bat emango du EGOrekin. Abuztuaren 9an, Grigori Sokolov pianistak (San Petersburgo, Errusia, 1950) Rachmaninoven preludioak eta Chopinen polonesak joko ditu.

Abuztuaren 19an, Galiziako Orkestrarekin ariko da Elisabeth Leonskaia (Tbilisi, Georgia, 1945), Brahmsen Pianorako bigarren kontzertuan. Abuztuaren 20an Easo Abesbatzak Brahmsen bi pieza kantatuko ditu. Abuztuaren 21ean Euskadiko Orkestrak interpretatuko ditu Poulenc, Faure eta Beethovenen obra bana, Victor Pablo Perezen zuzendaritzapean. Abuztuaren 22an Schuberten obrak joko ditu Mitsuko Uchida pianistak (Tokio, Japonia, 1948).

Abuztuaren 26an, Anne-Sophie Mutter biolinistak (Rheinfelden, Alemania, 1963) Mozart, Beethoven eta Francken sonatak interpretatuko ditu; azken egunean, abuztuaren 27an, Budapesteko Festival Orkestrarekin Dejan Lazic pianista (Zagreb, Kroazia, 1977) izango da, Milhaud, Satie, Kodaly eta Ravelen obrak jotzen.

Dantza Viktoria Eugenian

Dantzak leku berezia izango du egitarauan, euskal artistekin. Lucia Lakarrak eta Matthew Goldingek Fordlandia ikuskizuna erakutsiko dute abuztuaren 17an Viktoria Eugenia antzokian. Abuztuaren 23an, Iratxe Ansa eta Igor Bacovich dantzarien txanda izango da, Metamorphosis Dance konpainiarekin. Bi emanaldi horien bezperan, solasaldiak egingo dituzte Lakarra eta Ansa dantzariek Tabakalerako Z aretoan.

Hamabostaldiak opera bat ekoiztu du propio, Hirira izenekoa. Abuztuaren 10ean, Easo Eskolaniako eta Easo Gazte Abesbatzako haurrek Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara eramango duten haurrentzat sortutako opera hori, Gorka Mirandak zuzendurik. Mafalda Saloio da eszena arduraduna, eta David de Oliveira da musika zuzendaria. Paul Hindemith musikariaren Hiri bat eraikitzen ari gara obran oinarrituta dago.

Gipuzkoako elizetako organoak ondare garrantzitsua dira. Hamabost kontzertu egingo dira abuztuaren 1etik 8ra bitartean Ataun, Usurbil, Azpeiti, Zumaia, Azkoiti, Tolosa eta Debako elizetan, baita Donostiako lau elizatan ere. Hitzordu horiek guztiak doakoak badira ere, aldez aurretik gonbidapena eskatu beharko da.

Organo jotzaileen artean dira Joan Segui, Craig Williams, Giula Biagetti, Franz Danksagmuller, Liudmila Matsiura, Thomas Ospital, Jan Vermeire, Stefan Kagl, Giampaolo di Rosa, Stanislav Surin eta Thierry Escaich.

Gainera, beste lau ziklo gehiago ere egingo dira: antzinako musika zikloa eta ganbera musika zikloa San Telmo museoan, musika garaikideko zikloa Kursaalen, eta interprete gazteen zikloa Miramar jauregian.

Musikari gazteak hauek dira: Laia Barbera, Raul Perez, Leonardo Moyano, Trio Sostenuto eta Quintoniks boskotea.

Sarreren salmenta gaur goizean abiatuko da, 11:30etik aurrera; musikahamabostaldia.eus webgunean eskuratu ahal izango dira txartelak, baita Kursaal eta Viktoria Eugenia antzokietako leihatiletan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.