Rosti suitzarra txekor saiheskiarekin

BERRIA.
Iker Markinez.
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT
Kilo 1 txekor saiheski.
Baratxuri buru 1.
Tipula 1.
3 patata.
Gurina.
Piper hauts beltza.
Gatza.
Brandy pixka bat.

1. Lehen pausoa labea berotzea izango da, 150 gradutan. Gero, labeko erretilu batean txekor saiheskia jarri, eta gatza bi aldeetatik bota. Baratxuri burua saiheskiaren aldamenean ipini, osorik zuritu eta aletu gabe. Tipula juliana lodian moztu, eta saiheskiaren gainean banatu. Ur pittin bat gehitu erretiluari. Labean sartu, eta mantendu ordubetez gutxi gorabehera, bueltarik eman gabe.

2. Bitartean, patatak egosi, ura irakiten dagoen lapiko batean, gatzik gabe. 40 bat minutuz egosi, pataten tamainaren arabera. Behin egosi ondoren, atera eta plater batean utzi hozten. Aurreko egunean egositako patata ere ondo datorkigu errezeta honetarako.

3. Labeko erretilua atera, eta labea 240 gradutara igo. Saiheskiari buelta eman, eta berriro labean sartu. Oraingoan, 25 bat minutuz eduki, saiheskia ongi gorritu dadin.

4. Bitartean, patatak zuritu, eta ontzi batean birrinduko ditugu. Gatza gehitu, eta piper hauts beltza ere bai. Zartagin batean, gurin koilarakada bat ipini, eta sutan jarri. Gurina urtu, eta kolorea hartzen hastean, patata birrindua bertara bota. Egurrezko koilara baten laguntzaz, patata pixka bat zanpatu, tortilla baten itxura har dezan. Bost bat minutuz utzi, ukitu gabe, ondo gorritu eta egin dadin, zartaginaren berotasunean. Ondoren, plater baten laguntzaz, buelta eman, eta berriro beste koilarakada bat gurin jarri zartaginean, eta patata berriro bertara bota, beste aldea ere gorritu dadin. Beste bost minutuz eduki, eta atera.

5. Saiheskia dagoeneko egina izango dugu. Labea itzali, eta labean bertan brandy txorrotada bat gehitu, eta labetik atera.

6. Dagoeneko prest ditugu osagai nagusiak. Beraz, plateran edo erretiluan saiheskia jarri, eta ondoan rostia. (Suitzan, Alemanian eta Frantzian ohikoa da haragia eta arraina rostiarekin zerbitzatzea).

Ea gustatzen zaizuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.