Gastronomia

Euskal Herriko urrezko pintxo bakarra

Euskal Herriko Pintxo Txapelketan 80 sukaldari lehiatuko dira, astelehenetik asteazkenera. Donostian egingo dute

Sukaldarietako batzuk pintxoak finalerako prestatzen, iaz. GORKA RUBIO / FOKU.
Donostia
2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Tripazorria agudo hasiko zaie datorren astean Donostiako Kursaala bisitatuko dutenei, eta ez zaie aitzakiarik faltako. Izan ere, bertan egingo dute astelehenetik asteazkenera, XIII. Amstel Oro Euskal Herriko Pintxo Txapelketa.80 parte hartzaile izango ditu lehiaketak: Ipar Euskal Herriko bost sukaldari, Gipuzkoako hamalau, Arabako hemeretzi, Nafarroako hamalau eta Bizkaiko 28. Pintxo onenagatik lehiatuko dira; iaz, Hondarribiko (Gipuzkoa) Gran Sol jatetxeko Mika pintxoak irabazi zuen, Mikel Muñoz eta Mika Pop sukaldariek egina.

Ostegunean aurkeztu zuten Donostiako udaletxean pintxo txapelketa Donostiako Alkate Eneko Goiak, Gipuzkoako Turismo zuzendari Maite Cruzadok, txapelketako zuzendari Juancar Aierbek eta Amstel garagardo etxeko marketineko arduradun Santiago Illarramendik.

Eneko Goiak txapelketaren nondik norakoak azaldu zituen, eta Euskal Herriaren eta pintxoen arteko lotura nabarmendu zuen: «Gure herria zerbaitengatik ezaguna bada, pintxoengatik da». Horretaz gain, txapelketak gastronomian duen garrantzia ere azpimarratu zuen: «Lehiaketa honek sormena lantzen laguntzen du, eta, horrekin batera, kalitatea eta bikaintasuna eskaintzen ditu».

Maite Cruzadok gastronomiak turismoan duen eraginari buruz hitz egin zuen, batik bat. Azaldu zuen turisten %20 Euskal Herriko gastronomia ezagutzeko etortzen direla, eta bisita horien arrazoi nagusietako bat direla pintxoak, «miniaturan jateko dugun modu desberdinagatik». Halere, gehitu zuen gastronomia munduan dagoen lehia gero eta «handiagoa» dela: «Ezin gara dugunarekin konformatu: kalitatea hobetzeko lanean jarraitu behar dugu; besteak beste, gure herria bisitatzera etortzen direnek espero dutenagatik».

Dagoeneko XIII. aldia izango da, baina Juancar Aierbek adierazi zuen txapelketak hasiera-hasieratik finkatutako helburuei jarraitzen diela: «Txapelketaren xedea da tabernetako sukaldaritza bultzatzea, eta pintxo egileek sormena garatzen jarrai dezaten laguntzea, gastronomia mota hori baita munduan identifikatzen gaituena». Antolatzaileen datuen arabera, 3.500 aditu bildu ziren txapelketara iaz.

Parte hartzaileek ez dute bide erraza izango irabazteko: hiru fase nagusitan bereizi dute lehiaketa.

Lehenengo fasea astelehenean eta astearte goizean egingo dute: 75 pintxoetatik 21 baino ez dira igaroko finalerdira; bigarren fasean, epaileek hamar pintxo hautatu beharko dituzte, eta horiek izango dira final nagusian lehiatuko direnak.

Kursaala erakusleiho

Epaimahaia 35 adituk osatuko dute. Irizpide zorrotzak erabiliko dituzte garailea zein den erabakitzeko: aurkeztutako pintxoa bi edo hiru mokadutan jateko modukoa izan beharko da. Gainera, pintxo bakoitza ezingo da bi euro baino garestiagoa izan, eta, gehienez, hiru euroan saldu ahal izango dute ondoren tabernariek.

Asteazken goizean jakinaraziko dute epaimahaikideek irabazlea zein den. Hiru sari banatuko dituzte: pintxo egilerik onenak 3.000 euro jasoko ditu dirutan, baita txapela eta garaikurra ere; bigarrenak, berriz, 2.000 euro, eta hirugarren postua eskuratzen duenak, 1.000 euro.

Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak antolatutako lehiaketa da Euskal Herriko Pintxo Lehiaketa, baina orain bi urtera arte lehiaketa Hondarribian bertan egiten bazuten ere, aurten hirugarren aldiz egingo da Donostiako Kursaalean. Txapelketa Donostiara eramatearen arrazoi nagusia Donostia 2016 Kultur Hiriburutza izan zen, eta urte berean Denis Itxaso Gipuzkoako Kultur eta Turismo diputatuak azaldu zuenez, «bazuen zentzua» lehiaketa herriz mugitzeak. Dena den, kultur hiriburutzaren urtea igarota, txapelketak Donostian jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.