Otxomaioak Urduñan

Hasteko, txinparta gozo eta doinuduna

Urduñako korala arduratuko da jaien hasierako pregoiaz, eta Juana Santiagok botako du suziria. Gaur gauean hasiko dira festak

50. urteurreneko ekitaldietan murgilduta daude Urduña Koral Elkarteko kideak. URDUÑAKO UDALA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
«Zer dira, bada, txurrorik gabeko jaiak?». Barakaldoko (Bizkaia) Santiago txurro dendako Juana Santiagok bota du galdera. Bizitza osoa darama Bizkaiko herrietan kamioia hartuta festarik festa ibiltzen, eta irinez egindako makilatxoak saltzen ditu. «Betidanik egon dira, eta halaxe jarraituko dute, ez dute desagertzeko arriskurik». Duela sei hamarkada baino gehiago hasi ziren Santiagoren gurasoak Urduñako (Bizkaia) otxomaio jaietara joaten, eta ordutik urteroko zita dute. Aste Santuko oporretan joaten dira lehendabizi, eta maiatzean bueltatzen dira. «Hasierako urteetan Aste Santuan joan, eta otxomaioak pasatu arte ez ginen bertatik mugitzen», azaldu du Santiagok. Urduñako herritarrek urte hauetan guztietan egindako lan hori eskertu nahi izan diote Santiago sendiari, eta Otxomaioetako jaien txupinera izendatu dute. Gaur 21:00etan botako du suziria udaletxeko balkoitik, jaiei hasiera emanez.

«Juana Urduñaren parte da, ez dugu bera gabeko jairik imajinatzen», Arantza Agirre Urduña Koral Elkarteko kidearen hitzak dira. Haiek dira aurtengo jaien bigarren protagonistak, koraleko kideek irakurriko dute pregoia, hain zuzen. Abeslariak izanik, pregoia mistoa izango dela aurreratu du Agirrek: «Zenbait hitz esango ditugu, baina abestu ere egingo dugu, nola ez». Halaber, plazan biltzen diren herritarrei beraiekin abesteko eskatuko diete. Bilboko Aste Nagusiaren gisara, Urduñako Otxomaio jaiek ere bi protagonista izaten dituzte urtero: txupinera eta pregoilaria. Duela hiru urtetik, bozketa bidez herritarrek aukeratzen dituzte maiatzeko festen hasiera iragartzera udaletxeko balkoira igoko direnen izenak.

Santiago txurro dendakoek eta Urduñako Koral Elkarteko kideek sorpresaz hartu zuten udaletxetik jasotako deia. Koralak 50 urte egiten ditu aurten, eta herriko elkarteek urteurrenetan protagonismo berezia izaten dute. «Koralak sortu zenetik herriaren babesa izan du, eta pregoilari izateak erakusten du nolako maitasuna diguten», aitortu du Agirrek. «Maitasun hori guztia udaletxeko balkoitik bueltatzen saiatuko gara», gaineratu du. Santiagok ere herritarrek dioten estimua gertu sentitzen du: «Aste Santuan bertan izan naizenean txurrera baino gehiago, txupinera deitzen ninduten».

Festetarako plan desberdina dutela aitortu dute txupinerak eta pregoilariek. «Urteroko plan berdina: lan egitea», Santiagok. «Suziria bota, eta jarraian kamioira etorriko naiz», azaldu du. Lan egin beharko dute koraleko abeslariek ere, baina beste modu batera. Jaietako egun handian, maiatzaren 8an, urtero emanaldia izaten dute. Aurten ere ez dute hutsik egingo 13:00etako eliza osteko kantaldira. Ekitaldi horrez gain, maiatzaren 9an eta 10ean ere egongo da korala entzuteko aukera. Errepertorioari dagokionez, herritar guztiengana iritsi nahi du koralak, eta horretarako, ohiko musika sakroaz gain, herri musika eta euskal kantak ere abestuko dituztela azaldu du Agirrek.

Santiagok zein Agirrek txupinazora eta Urduñako otxomaioetara joateko gonbita egin diete jai herrikoiak gustuko dituzten guztiei. «Beti bezala, azukrezko txurro bero eta gozoak emango dizkiet nik kamioira datozenei», gaineratu du Santiagok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.