Santakurtzak Galdakaon

Herritarrei eskerrak emateko garaia

Mozollo irratiko kideen pregoiarekin eta pentsiodunen elkarteak jaurtitako suziriarekin hasiko dira gaur Galdakaoko santakurtzak

Mozollo irratiko bi kidek eta pentsiodunen elkarteko batek hasiko dituzte jaiak Galdakaon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Baliabide falta zela eta, Galdakaoko (Bizkaia) Mozollo irratiak emititzeari utzi zion 2008. urtean. Zenbait urte geroago, berriz, eraberrituta itzultzea erabaki dute. Irratia berriz martxan jartzeko asmoz, dirua batzeko finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatzea pentsatu zuten duela bi urte, eta denbora gutxian espero gabeko erantzun zabala jaso zuten herritarren aldetik. Hori gutxi ez, eta, aurtengo herriko jaiei hasiera emateko, Mozollo irratiak jaso zuen boto gehien. Haiek irakurriko dute udaletxeko balkoitik pregoia, hain zuzen. Suziria jaurtitzeaz, bestalde, herrian gero eta babes handiagoa duen beste elkarte bat arduratuko da: pentsiodunen elkartea. Herritarrek une oro emandako babesa eskertzeko baliatu nahi dute aukera bi taldeek. Horretarako, hiru belaunaldi igoko dira balkoira. Gaur arratsaldean hasiko dira Galdakaoko Santa Kurtze jaiak. Hilaren 22ra arteko egitarau zabala antolatu du jai batzordeak.

Harriduraz hartu zuten Mozollo irratiko kideek pregoilari izateko proposamena. «Azken hilabeteotan gogor ari gara lanean irratia berriz martxan jartzeko, eta aitorpen hau bultzada izugarria da guretzat. Oraindik ez dugu asimilatu», azaldu du Aritz Apraiz irratiko kazetariak. Bi urte iraun duen suspertze prozesuaren ostean, irratiko kideek espero dute aste gutxitan mikrofono aurrean egotea. «Ohartzen gara Galdakaoko herriarentzat komunikabide garrantzitsua garela», nabarmendu du.

Kazetari hasiberrientzat eskola entzutetsua izan da Mozollo irratia betidanik. 1976. urtean sortu zuten, eta hamar urte geroago elkarte bilakatu zen. Egun, 38 kidek osatzen dute irratia. Horietatik bost dira lantaldekoak; gainontzekoak, berriz, ikasleak. Transmisioa bermatuta dagoela eta herritar orok beren irratian ahotsa duela azpimarratzea da beren helburua; hala, Mozollo irratia ordezkatuz, kazetari beterano bat eta hasiberri bat igoko dira gaur arratsaldean udaletxeko balkoira.

Mozollo irratiko lantaldea baino talde handiagoa da Galdakoko pentsiodunen elkartea. 200 kide batzen ditu astero mobilizazioetan, besteak beste. «Bozketan bigarren gelditu izana herriaren aldetik aitortza bat da», azaldu du Juan Antonio Redondo pentsiodunen elkarteko kideak. «Halako keinuekin badirudi gauzak ondo egiten ditugula, eta erreferenteak garela herriko pentsiodunentzat», gaineratu du. Beren azken hilabeteotako borroka babestua sentitzen dute. Mozollo irratia martxan zegoen urteetan jaietako motorra izaten zen. «Txosna jartzeaz gain, playback lehiaketa eta DJ saioak guk antolatzen genituen», azaldu du Apraizek. Aurten, oraindik irratia martxan jarri gabe dagoenez, ez dute komunikabide gisa parte hartuko herriko jaietan; datorren urterako asmoak, baina, jada pentsatzen hasiak dira.

Pentsiodunak, bestalde, aurten ere jaietan aktibo egongo direla ohartarazi du Redondok: «Jaiak aldarrikapenerako ere badira, eta, adibidez, guk ere lagun taldeen desfilean parte hartuko dugugure kartelekin». Horrez gain, jai batzordearekin elkarlanean igel-toka txapelketa antolatu dute datorren astelehen arratsaldean.

Txupinazoaren aurretik herriko taldeek desfilea egingo dute, eta denak elkarrekin iritsiko dira udaletxe plazara. Bertatik pentsiodunek eta Mozollo irratikoekGaldakaoko herriaren elkartasuna eta galdakoztarren harrotasun eta umiltasuna aldarrikatuz hasiko dituzte festak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.