Sanmartinak. Bergaran

Erlezaintzaren mundua ikusiz eta ikasiz

Erlezaintzaren mundua bertatik bertara ezagutzeko erakusketa bat egingo du Erlantz Olabarriak gaur, Bergarako San Martin azokan

Erlantz Olabarria, erle eta ezti erakusketa batean. BERRIA.
Nagore Arin.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ezagunak dira erleak, ezaguna da eztia; ez, ordea, erlezaintza, horien neurri berean behintzat. Mundu zabal hori bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da gaur Bergaran (Gipuzkoa), San Martin azokaren harira antolaturiko erakusketa baten ondotik. Askotariko ekintzak ikusteko aukera izango da azokan, barazki eta fruta lehiaketatik hasi eta herriko odolosteen dastaketaraino. Tartean izango da Erlantz Olabarria, erlezaintzaren nondik norakoak azalduko baititu. Ez da, baina, edonolako erakustaldia izango: hara biltzen diren guztiek eztia atera, landu eta dastatzeko aukera izango dute. «Ez da gauza bera salmenta postu bat jartzea edo erakarpena sortzea mundu hori ezagutaraziz», adierazi du.

Erlezaintzaren adar anitz azalduko ditu, eta, beste urteetan bezala, jende andana biltzea espero da. 12:00etan izango da, Oxirondo azokaren barnean. Askotariko ezaugarrien bitartez ezagutuko du ikusleak prozesua. Eztia ateratzeko panelak egongo dira, eta,ikustearekin batera, lorturiko eztia dastatzeko aukera izango da.

Argizariarekin, kandelen tailerra ere egingo du Olabarriak: «Hamar kilo eztirekin argizari kilo bat egiten da; eta, umeentzat ere erakargarria izan dadin, kandela batzuk egingo ditugu». Hala, askotariko jendea biltzea espero da. «Nahi dudana da nik egindako lana ez geratzea stock batean, baizik salmenta oparoa izan dadin ziklo zabalago bat eskaintzea», adierazi du Olabarriak. Eskaintza zabal horretan sartzen dira, hain justu, erleen funtzionamendua, bizitza eta aldiak ulertzeko asmoarekin jarriko dituen panel didaktikoak.

«Zaletasuna da»

Produkzio pertsonala ere egiten duen arren, erlezaintza zaletasuna da Olabarriarentzat. «Lehengai on baten bila hasi nintzen, nire kontsumorako, baina gehiago sartu nintzen munduan», esan du,eta, hasieran kontsumorako soilik izan zen arren, eztia ekoizten hasi zen. Urte osoan egiten du lan, baina, erlezainaren esanetan, eztia loraldiaren araberakoa da: «Lore bakarreko eztia atera daiteke, mota bakar batera mugatzen bada; edo milalore esaten zaiona, lore askoren arteko nahasketa bada».

Hala, Olabarriaren egunerokoaz eta erlezaintzaren ardaxkez gozatzeko aukera izango da azokan. Zaletasun bat izanik, batez ere asteburuak erabiltzen ditu erlezaintzan lanean jarraitzeko, eta, gaur, urtean eginiko lanaren ondorena izango da ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.