Donostiako 67. Zinemaldia. Historia

Hollywood berria

Francis Ford Coppolak Urrezko Maskorra irabazi zuen 1969an, 'The Rain People' bere bosgarren film luzearekin. Robert Bresson ez zen Donostiara etorri Zilarrezko Maskorra jasotzera.

Francis Ford Coppolaren The Rain People nagusitu zen 1969an. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Gaur egun irailaren amaierako datetan egonkortua dago, baina lehendabiziko urteetan Donostiako Zinemaldia udaren hasieran egiten zen.17. ekitaldia ekainaren 16tik 24ra egin zen, eta, jaialdiaren berrogei urteak gogorarazteko argitaratutako liburuan azaltzen denez, urte hartan hautaketa batzordeak zailtasunak izan zituen erotismoa gailenduko ez zen film zerrenda bat osatzeko. Azkenean, hurrengo urteetan Hollywoodeko industria aldaraziko zuen zinemagile batek, Francis Ford Coppolak, irabazi zuen Urrezko Maskorra bere bosgarren filma zenarekin, The Rain People-rekin; artean iritsi gabeak ziren The Godfather, Apocalypse Now eta bere prestigioa finkatuko zuten lanak.

Zilarrezko Maskorra Robert Bressonek irabazi zuen, koloretan egin zuen lehen lanarekin (Une femme douce), baina Pickpocket-en egilea ez zen saria jasotzera agertu. Miguel Echarri Zinemaldiko zuzendariari aitortu zion ez zegoela ohitua bigarren sariak jasotzera. Elias Kerejetak ekoitzi eta hiru zuzendari gaztek —Claudio Guerin, Jose Luis Egea eta Victor Erize— elkarrekin ondutako film batekin (Los desafíos) konpartitu zuen Bressonek Zilarrezko Maskorra.

Emakumezko aktore onenaren Donostia saria Stefania Sandrelli (L'amante di Gramigna) eta Ludmila Tchoursinak (Zhuravusha) irabazi zuten, eta gizonezko aktore onenarena, Nicol Williamsonek, Tony Richardsonen Laughter in the Dark filmean egindako lanagatik.

1969ko ekitaldiko protagonistetako bat Josef von Stenberg izan zen. Epaimahaiko burua izateaz gain, hari buruzko atzera begirako bat eman zuten Donostian, eta zinemaldiaren azken galan hitz esanguratsu batzuekin agurtu zituen parte hartu zuten zinemagileak: «Nik ez dut inoiz saririk jaso. Kontsolagarria izan dadila hori izan ez dutenentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.