Donostiako 68. Zinemaldia

Maila bat jaitsitako jaialdia

Urte gogorrak izan ziren 1980ko hamarkadaren hasierakoak Donostiako Zinemaldiarentzat. Hainbat urtez gainbeheran izan ondoren, 1980an A kategoria galdu zuen, eta lehiaketarik gabeko jaialdi bilakatu zen.

Andrzej Wajdaren Dyrygent filma. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Zinema Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren aholkua jasota, Donostiako Zinemaldiak lehiazkoa izateari utzi zion 1980an. Baziren urte batzuk jaialdiak arazoak zituela —zuzendari aldaketak barne—, eta hamarkada hastearekin batera erabaki zuten mailaz jaistea. Hasieran, nazioarteko hainbat komunikabidek zinemaldia egin ere ez zela egingo iragarri zuten, eta zuzendaritza taldeak, Pilar Olaskoaga buru zela, hori ezeztatzera atera behar izan zuen. Zinemaldia egin zen, baina lehiaketa ofizialik gabe.

Gauzak horrela, jaialdia jarraitu zuten kritikariek Nazioarteko Kritikaren Sari Nagusia eman zioten Andrzej Wajdaren Dyrygent filmari. Eta zuzendari berriei zuzendutako saria, berriz,Ali Ozl-genturken Hazal-entzat izan zen.

Lehiarik gabe bada ere, Sail Ofizialak film ugari aurkeztu zituen, horietako batzuk zuzendari ezagunenak, eta beste batzuk denborarekin oihartzun handia izango zutenak: Prostitute (Tony Garnett), Intoarcerea lui voda lapusneanu (Malvina Ursianu), Fame (Alan Parker), The Shining (Stanley Kubrick), Gloria (John Cassavettes), Con el culo al aire (Carles Mira), El hombre de moda (Fernando Mendez Leite), La mano negra (Fernando Colomo), El nido (Jaime Armiñan), La banquiere (Francis Girod), Mon oncle d'Amérique (Alain Resnais), Bizalom (Istvan Szavo), Fontamara (Carlo Lizzani), Atlantic City (Louis Malle), Phobia (John Huston), Oficio de tinieblas (Archibaldo Burns), Spotkania na atlantiku (Jerzy Kawalerowicz), Bom povo portugues (Rui Simoes) eta Santa Esperanza (Sebastian Alarcon).

1980ko Donostiako Zinemaldira bere lehenengo filma zena aurkeztera etorri zen Pedro Almodovar (Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón), eta ondoan izan zituen filmeko protagonistetako bi, Carmen Maura eta Olvido Gara Alaska. Eta Donostian izan zen Susan Sarandon ere Atlantic City aurkezten: «Oraindik ez dut aurkitu aktore gisa garatzeko aukera emango didan filma».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.