Donostiako 70. Zinemaldia. Perlak. Santiago Miltre. Zinemagilea

«Gaztedia eskuindartzen ari da»

Argentinako historiako epaiketarik garrantzitsuenean aritu ziren bi fiskalen istorioa kontatu du Miltrek 'Argentina, 1985' filmean; tonu epikotik urrun, tarteka umorera joz.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Diktadurako urteetan, 1976tik 1983ra, Argentina mendean hartu zuen Junta Militarraren aurkako epaiketa zibila berregin du Santiago Miltrek (Buenos Aires, 1980) Paulina (2015) eta La cordillera (2017) pelikulen ostean egindako film berrian: Argentina, 1985. Julio Strassera (Ricardo Darin) eta Luis Moreno Ocampo (Peter Lanzani) fiskalei egokitu zitzaien «fardela»; taldea osatzeko zailtasunen aurrean, fakultatetik ia atera berriak ziren gazteekin osatu zuten taldea.

Dokumentazio lan handia eskatuko zuen filmak. Hori egin ondotik, gauzak gertatu ziren moduan kontatu beharra sentitu duzu, ala urrundu ahal izan zara filmak hala eskatzen zizunean?

Funtzionatu ez zuen lehen tratamendu bat idatzi ostean hasi ginen sakon dokumentatzen; bi urtez, garaiko materiala irakurri, zuzenean edo zeharka epaiketan parte hartu zuten dozenaka lagunekin egon... Baina, gero, gutxi-asko ulertu genuenean nolakoa izan zen epaiketaren prozesua, film bat idaztera eseri behar genuen, eta hor inportantea izan zen argi izatea, ez gertakari historikoek ezta gertutik ezagutu genuen jende horrek ere, ahalik eta ondoen ordezkatua izatea merezi zuenak, ezin zutela baldintzatu pelikula. Momentu batean itxi egin behar da dokumentazio fasea, zinema sar dadin.

Zein izan ziren lehen erabakiak hortik aurrera?

Zinema klasikoaren tradizioan errotu genuen lana, hori zelakoan istorio hau kontatzeko modurik onena. Oso modu naturalean egin behar zuen aurrera, gidoirik izango ez balu bezala.

Umore nahikotxo du filmak azkenean. Denbora igaro behar da desagerpenen, bortxaketen, erailketen eta besteren inguruan tonu horretan ere hitz egin ahal izateko?

Pentsatzen dut filma 1985etik gertuago egin izan balitz ezingo lukeela modu honetan aritu. Orain posible da, eta horrek esaten du zerbait arteaz eta memoriaz. Gure kasuan, umorea zorizko kontua izan zen, hein handi batean. Bagenekien familia lehen nukleo politiko modura aztertu nahi genuela; ezagutzen genuen Luis Moreno Ocamporen amaren istorioa [Videla diktadorearekin joaten zen mezetara], Strasserarena nolakoa zen... Alaba gaztea espioi bat bezala segitzen duen eszena idatzi genuen aurrena, eta irakurri genuenean, thrillerretik baino komediatik gehiago zeukan eszena bat topatu genuen. Tonu horrek agertzen jarraitu zuen idazketan, eta ohartu ginen ikuslearen defentsak jaisteko modu bat izan zitekeela; ondoren etorriko zen gordintasunerako prestatzen joateko modu bat. Horrekin batera doa tentsioa: ezin zen kontatu hori gabe. Diktadura amaitu eta hurrengo urtean egin zen epaiketa, eta beldurra eta tentsioa oso presente zeuden gizartean.

Biktimen testigantzek puskatzen dute gehien tonu hori.

Bai. Inportantea zen epaiketako une hori ondo kontatzea. Ikusi genuen atera egin behar genuela hor, ez dago gidoirik. Erabaki genuen testiguek orduan esandako hitzak zeudenetan ekartzea, aktoreak eseri, eta esan zitzatela ahalik eta soilen. Artxiboko audio eta irudi asko ere sekuentzia horretarako gorde genituen.

Ikusgarri dago berriz ere Darin.

Film berri bat egiten duen aldiro, «bere lan onena!», esaten du jendeak [barreak]. Aktore bikaina izateaz aparte, begirada oso zorrotza duen tipo bat da, oso ondo ulertzen duena zein den bere rola zineman. Esan nionean juntaren epaiketaren inguruko film bat prestatzen ari nintzela, esan zidan: «Nik egingo dizut Strasserarena». Hasieran, adarra jotzen, baina gidoia irakurri zuenean, bere ekoiztetxea proiektura batzea erabaki zuen, eta elkarrekin joan gara, bertsioz bertsio, filma pentsatzen. Ricardok oso garbi dauka Ricardo Darin dela, jendeak horrela ikusten duela. Zioen ezin zuela Strassera imitatu, distantzia efektu bat sortuko lukeelako eta filmak ikuslea barru-barruan behar zuelako. Oso egokia iruditu zitzaidan, eta berdin jokatu dugu garaiaren erretratua egitekoan.

Nahiko mediatikoa izan zen epaiketa. Beste aldera begiratu nahi zutenak aukera gabe utzi zituen horrek?

Raul Alfonsinek diktadurako arduradunen kontrako epaiketa agindu zuen kanpainan, baina gizartean bazen zatiketarik. Jende multzo handi bat oso konbentzitua zegoen bizitako izuaz, baina beste multzo bati demokrazia aski zitzaion. Epaiketa hasi zenean, ordea, sei hilabetez, egunero-egunero lehen pertsonan agertu ziren biktimen testigantzak hedabideetan. Erresonantzia kaxa handia izan zen hori Argentinako gizartearentzat; eraldatu egin zuen.

Nola uste duzu ikus dezaketela belaunaldi gazteagoek filma?

Hori izan da filmaren motorretako bat niretzat. Gazteria eskuindartzen ari da; hemen ere gertatzen ariko da. 18 urteko gazte bat ikus dezakezu diktadurako aldarriak haizatzen, eta ez dakit zer gertatu zaion demokraziari hori posible izan dadin. Horregatik ematen diogu halako garrantzia fiskalekin lan egin zuen gazte taldeari. Justiziaren ekintzan parte aktibo dira; irudi inportante bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.