Bukatu da funtzioa

Ringling Bros zirku mitikoak ateak itxiko ditu maiatz hondarrean, 146 urteko ibilbidearen ondoren. Animalien aurkako tratu txarrak egotzi izan dizkiete hainbat ikerketak eta eragilek.

Pailazo bat, Ringling Bros zirkuaren emanaldi batean. ERIK S. LESSER / EFE.
Iker Tubia.
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Duela bi mende, 1871. urtean sortu zenez geroztik, ez du bere ibilbidea eten. 2017ra arte. Maiatzetik aurrera, AEBetako Ringling Brothers and Barnum & Bailey Circus zirkuak ez du emanaldirik egingo. Munduko ikuskizunik handiena leloarekin son handia lortu zuen zirkuak ohar baten bidez eman du erabaki «oso zailaren» berri. Hondarreko emanaldiak Providencen eta Uniondalen (AEB) izanen dira, maiatzaren 7an eta 21ean, hurrenez hurren.

Erabakiaren berri izan, eta berehala sortu da txio oldea. Animalien eskubideen alde direnen artean, zorion mezuak eta txaloak. Anitz poztu direnetako bat da Ryan Shapiro. Animalien eskubideen defendatzailea da, eta, hain zuzen ere, Ringling Brothers zirkuan atxilotu zuten lehenbiziko aldiz, 1997an, beste lagun batzuekin batera. Ekintzaileek elkarri lotu zizkioten besoak, altzairuzko tutuekin, eta denbora tarte batez galarazi zuten elefanteak auditoriumera eramatea.

«Gure gainean pixa egiteko moduan jarri zituzten elefanteak Ringling Brotherseko langileek», azaldu du. Hogei urte geroago heldu da zirkuaren itxieraren albistea, eta Shapirok borrokan aritu direnei aitortu die meritua: «Ez dago zalantza izpirik ere: klase guzietako animalien eskubideen aldeko aktibismo bortitzak munstro krudel hau makurrarazi du». Hala, animaliak erabiltzen dituzten gainerako zirkuak itxi arte borrokan jarraitzeko mezua zabaldu du.

Jende anitz erakarri eta liluratu ez ezik, jende anitz amorratu ere egin du AEBetako zirku famatuak. Animaliekiko tratu txarren polemikan murgildurik eman ditu azken urteak. «146 urtez animaliak bahitu, esklabo egin eta torturatu dituzte dirua lortzeko eta dibertitzeko», salatu du Shapirok. Hain zuzen ere, tratu txarren salaketak jarri du kolokan zirkua. Elefanteena zen haien ikuskizunik garrantzitsuena, baina, animalia horien aurkako tratu txarren jendaurreko salaketak zirela eta, iaz saioa utzi egin zuten. Oharrean azaldu dute hori dela-eta negozioa ez dela errentagarria.

Mother Jones magazinak 2011n egindako ikerketa batek agerian utzi zuen egoera larria: «Elefanteek loturik edo trenetan bidaiatzen pasatzen zuten beren bizitzaren parterik handiena, hezleen tresnen mehatxupean». Animaliak erabiltzen dituen zirku handienetako bat erorita, beste batzuk eror litezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.