EHZ jaialdia, ondoko urratsei begira

Larunbat goizean bildu dira EHZ festibaleko antolatzaile eta laguntzaileak, eta aurtengo aldiari buruzko bilan «positiboa» egin dute

Ekaineko EHZ jaialdiko irudi bat. BOB EDME.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Auzolanaz berpiztu. Hori izan dute aurtengo Euskal Herria Zuzenean festibaleko leloa. Belaunaldi berri batek bere gain hartu du antolaketa, eta, azken urteetako zailtasunak bazterrera utziz, leloa egia bihurtu dute. Ekainaren 28tik 30era arte Irisarrin (Nafarroa Beherea) iragan zen festibalaz eta hiru egun horietan bizitakoaz gain, muntatze eta desmuntatze garaian ikasitakoa nabarmentzen dute hainbat gaztek. Ordutik hiru hilabete igaro ondoren, iragan larunbat goizean bildu ziren, Kanboko gaztetxean (Lapurdi), biltzar nagusiaren kari.

Dudarik gabe, aurtengo festibala «biziki positiboa» izan dela nabarmendu zuten, izan duen «arrakasta» azpimarratuta. Aurreikuspenak «gainditu» zituztela adierazi, eta Irisarrin izandako giro «goxoa» ere oroitu zuten.

Hasitakoari segida

30 bat gazte hurbildu ziren bilkurara, izan laguntzaile, arduradun edo antolatzaile. Aurtengo festibalaren bilana egin zuten, datorren urteari begira hobetzekoa litzatekeena aipatuz eta oraingo erronkak argituz. Talde txikika bildu, eta, besteak beste, antolaketari, festibalaren edukiari eta funtzionatzeko moldeari buruz gogoetatuz joan ziren. Hortaz, joan den ekaineko aldiaz «biziki baikor» agertu baldin baziren ere, datorren urteari buruz pentsaketan eta hobekuntzak bilatzen ere hasiak dira hamarnaka gazte.

«Esperantzaz beterik» hasiko dute urtea, eta hurbildu den jendea «oso motibatua» dela ohartarazi zuten antolatzaileek. Sakontzekoak dituzten hainbat galdera ezarri zituzten mahaiaren gainean, eta gogoeta horiei segida emango diete laster. Gazteen artean saretuz eta sortuz segituko dute festibaleko antolatzaileek, aitzin egindakotik ikasiz eta geroan hobeki egin daitekeena elkarrekin marraztuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.