KRITIKA. Antzerkia

Saturnismoak jota

Caligula obraren irudi bat. ARRIAGA ANTZOKIA.
Agus Perez.
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun

'Caligula'






Egilea: Albert Camus. Zuzendaritza eta dramaturgia: Mario Gas. Eszenografia: Paco Azorin. Jantziak: Antonio Belart. Musika eta soinu-eremua: Orestes Gas.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Ekainak 1.

Egurrezko taula inklinatu batek bete du Arriaga antzokiko eszenatokiaren eremu osoa, eta hemezortzi arku erromatar marraztuk dekoratu dute zurezko gaina, hiru lerrotan banatuta. Aulki soil bat agertu da agertoki lehor horren gailurrean, atze-atzean, eta, unean uneko beste aulki batzuekin batera, hura izan da emanaldi osoan ikusi dugun osagarri eszeniko bakarra.

Poza nagusi, beraz, argi zuriarekin hornitu den bi orduko emanaldian. Are gehiago kontuan izanda, Orestes Gas delako baten «musika eta soinu-eremu» ponposoak zazpi minutu baino ez dituela bete basamortu estetiko hartan. Antza denez, dena da zilegi zure abizenak zuzendari famatu batenarekin bat eginez gero.Goazen harira, ordea. Albert Camusen La peste irakurri ostean, argi ikusi nuen idazle hura ez zela inoiz egongo nire maitatuenen artean, hain astuna eta aspergarria egin zitzaidan irakurketa. Hala ere, gaztea nintzen, eta heldu-ikuspegitik beste tankera bat hartuko nion esperantzarekin hurbildu naiz Caligula hau ikustera. Neure buruari esan diot beharbada urteek emandako jakituria-metaketari esker, beste begi batzuekin ikusiko nuela berunaren pare nuen egile mitifikatu hura eta —jaiotzetiko optimismo sendaezina lagun— beste behin ekingo niola La peste hura irakurtzeari, jatorrizko bertsioan eta guzti oraingo honetan.

Baina, antza denez, urteek ez dute nigan beharrezko jakituriarik metatu.

Nik existentzialismo astuna esango nioke Camusen estiloari, berak absurdisme izendapenarekin bataiatu nahi izan zuen arren, eta bere lehen antzerki-lana izan zen Caligula hau ideia horren paradigma da, tirano odolzalearen diskurtso zinikoak ezin hobeto irudikatzen baitu egile frantziarraren pentsamendu pesimista eta irteerarik gabekoa, gaur egun beruna bezain astuna egiten zaiguna. Ordea, nik uste dut gaurko munduko parametroetan ez ditugula zertan jasan saturnismoak jotako degeneratu haren burutazio amaigabeak. Haren krudelkeriak ere pasagarriagoak izango lirateke, edo ulergarriagoak agian, haren ahotik jariotako berbontzikeria zentzugabea bi orduz entzun behar izatea baino.

Berunez kutsatutako ura edatean sortzen da saturnismoa—erromatar aberatsek berunezko hoditeriak zeuzkaten— eta ni behintzat haren sintomak nabaritzen hasia naiz berunezko testuaren eta hutsaren hurrengoa izan den dramaturgiaren ondorioz. Azkenik, ezin dut aipatu barik utzi jantziei emandako tratamendu monokromatikoa, kolore zurian eta beltzean esklusiboki zentratuta dena, Napoleonen estiloko kasaka batzuekin eta Kaligularen tunika gorria praka bakeroekin konbinatuta. Ufa! Horrek guztiak eta tartean izandako diskoteka giroko eszena patetikoek nire saturnismo krisia larria zela baieztatu didate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.