Sanblasak Abadiñon

Kordelek eta opilek egin dute ezagun

Bihar egingo dute San Blas eguneko azoka Abadiñon. Orotara, 94 janari postu eta 260 abelburu izango dira aurtengo edizioan

Abadiñoko San Blas egunean baserria bihurtzen da protagonista. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Urteko hilerik laburrena hastearekin batera, usain berezia hartzen du Abadiñok (Bizkaia): baserri usaina dario herriari; barazkiak, gazta, abereak eta eskuz landutako tresnak nahastean.

Otsailaren 3an pizten da festa Abadiñon, eta, aurten, domeka izateagatik, jende andana espero dute. «Herritarrak urte osoa ematen dute egun honen esperoan, eta, aurten, domeka izanda,gainezka egotea espero dugu», azaldu du Inma Zapardiez jaietako zinegotziak. Herrikoentzat aste barruan ere izan ohi da festarako aitzakia, baina kanpokoak errazago joan ohi dira asteburuan. Hala uste du zinegotziak behintzat. Urteroko ohiturari eutsiz, ibilbide jakinari jarraitzen diote bisitariek. «Askok, lehenik eta behin, kordela eta opila erosten dute. Gero, janari postuetara biltzen dira, atentzioa ematen dien jaki bereziren baten bila. Azkenik, abereak ikusi ondoren, talo janak ematen dio amaiera erritualari. Inork ez du alde egiten talo postuan geldialdia egin gabe».

Azoka eguna dute, eta baserria bihurtzen da protagonista. Aurten, 260 abelburu —iaz baino hamar gehiago—, 94 elikagai saltoki eta 26 artisautza postu izango dira San Blas eguna girotzen. Denetik aurki daiteke postu artean, eta aniztasunak egiten du berezi feria, Zapardiezen ustez. «Berezitasun bat du azokak egun. Abere arraza ezberdinak etortzen dira. Behiez gain, ardiak, ahuntzak, astoak eta pottokak aurki daitezke. Aukera ona da».

Abere kopurua hazi den eran hazi da bisitari kopurua, eta soslaia ere ugariagoa da egun. «Lehen, tratulariak etortzen ziren abereak salerostera. Orain, aldatu egin da kontua».

Dena ez da azoka

Feria dute egunaren ardatz, baina bestelako ekintzek ere osatuko dute eguna. Bertsolariak, txistulariak eta erromeria dira urteroko klasikoak. Eta, horrekin batera,herri kirolak; horiek, ordea, moldea aldatu dute zertxobait azken urteetan. Lehen, herri kirolenerakustaldiak egiten zituzten, eta,azken hiru edizioetan, txapelketa bihurtu dute. Urrezko Aizkora txapelketa antolatzen dute ordutik. Aurten, binaka lehiatuko dira gizonezkoak, eta banaka, berriz, emakumezkoak. Ondoren, Imanol Illarramendi harri-jasotzaileak ekitaldia egingo du.

Idi probek eman ohi diote amaiera egunari, baina hurrengo egunera pasatu dituzte oraingoan. Astelehenean, 22:00etan jarri dute ordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.