Ezkutuko sortzaileari bide emanez

Gazte Sortegiak sormen eskola martxan jarri dute Araban. Gazteak, sormena eta euskara batzea helburu duen egitasmoa da
Bertsolaritzarekin eta Oihane Perearekin abiatu dute sormen eskola.
Bertsolaritzarekin eta Oihane Perearekin abiatu dute sormen eskola. GAZTE SORTEGIAK

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2018ko urriak 6
Bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak landuko dituzte gazteek apirilera arte, Gazte Sortegiak sormen eskolan. Urriaren 1ean abiatu zen Gasteizeko Oihaneder Euskararen Etxean, eta astelehenero egingo dituzte saioak. Gazteak eta sormena uztartzeaz gain, euskara da saioen oinarria. Sortzaile ezberdinen eskutik, parte hartzaileek sormenaz gehiago ikasteko aukera izango dute. Ikasitakoa borobiltzeko, berriz, amaieran sormen egonaldia egingo dute.

Euskaltzaleen Topaguneak eta Mintzola Ahozko Lantegiak, tokiko eragileekin elkarlanean, sormen eskolak sortzeko proposamena egin zuten; aurretik, ordea, esperientzia pilotuak jarri zituzten martxan. «Esperientzia pilotu bat martxan jartzeko proposatu zen iaz, eta Araban, sormen egonaldia egitea erabaki genuen, udaleku formatuan», esan du Ane Pedruzo Oihaneder Euskararen Etxeko kideak eta Gazte Sortegiak egitasmoaren antolatzaileetako batek. Oihaneder Euskararen Etxeak, Geu elkarteak eta Arabako Bertsozale Elkarteak bultzatu zuten egitasmoa, eta Kanpezun (Araba) egin zuten egonaldia, apirilean. Sormen eskolaren antolakuntzan ere elkarte berberek dihardute lanean.

«Gauza onak hartu eta txarrak baztertuta», sormen egonaldietako esperientzietatik abiatuta ekin zioten sormen eskola martxan jartzeari. «Hasiera oso ona izan zen; harreman ona egin genuen eta giro polita sortu zen», esan du Endika Larrion Gazte Sortegiak egitasmoko parte hartzaileetako batek. Egitasmoaren aurkezpena egin ostean erabaki zuen sormen eskolan parte hartzea; aurretik ez zuen halako esperientziarik izan. Oihane Perea Arabako Bertsozale Elkarteko kideak eta Gazte Sortegiak-en antolatzaileak ere gazteen motibazioa izan du hizpide: «Lehen eguna izan arren, nabari zen arabar gazteek izan dutela lehen igurtzia bertsolaritzarekin; badute oinarri txiki bat, eta ondo pasatzeko gogoz etorri dira». Umorea eta bertsoa uztartuko dituzte.

Bertsolaritza ez ezik, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak ere landuko dituzte. Jon Basaguren, Unai Lopez de Armentia, eta Maider Oleaga sortzaileak izango dira ikasturtean gazteen bidelagun; hain zuzen ere, Kanpezuko (Araba) egonaldian egon ziren sortzaile berak. «Harreman berriak sortzeaz gain, bertsolaritzan, musikagintzan, antzerkigintzan, eta ikus-entzunezkoetan gehiago formatzea gustatuko litzaidake; kurtsoan zehar, zerbait artistikoa egitea», azaldu du Larrionek.

Gazteen sormena lantzea helburuetako bat izan arren, hizkuntza ohituretan eragitea ere oinarri du sormen eskolak. «Egitasmoak euskararen erabileran eragin nahi du, sormenaren bitartez; eta sormena bultzatu euskara ardatz izanda», esan du Pedruzok. Antolatzailearen esanetan, hizkuntza ohituretan eragiteko 14 eta 18 urte arteko adin tartea nahiko estrategikoa da; gainera, sor daitekeen gazte sortzaileen sarean ere euskara lehen lerroan egongo dela gaineratu du. Perearen arabera, gazteek euskaraz sortu ahal izatea aukera paregabea da.

Finean, gazteek pentsatzen dutena artearen bidez adierazteko gunea dela dio Arabako Bertsozale Elkarteko kideak. Pedruzok gehitu duenez, antzeko jakin-minak dituzten gazteak ezagutu eta etorkizuneko proiektuak sortzeko aukera ere sor daiteke.

Etorkizuneko sortzaileak

«Gazteak etorkizuneko eragileak izango dira; euskal kulturan eragile izan daitezke», esan du Pedruzok. Hori dela eta, «mahai beraren hanka ezberdinak finkatzeko garaia» dela azaldu du Pereak. Gazteek diziplina guztiak batu, eta proiektu ezberdinei ekingo diete; hitza, musika, gorputz adierazpena eta ikus-entzunezkoa batuko dituzte, sormen eskolan ikasitakoa norbere burua aberasteko zein gainontzekoei erakusteko baliatuko dute. Ezkutuan duten sortzaileari bide eman, eta euskaraz sortzeari ekingo diote.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna