Siemens Gamesako zurrunbiloa baretzeko saioa egin dute Madrilen

Proiektuan konfiantza izateko eskatu dio Siemenseko buruak Ignacio Galani

Iñigo Urkullurekin elkartu zen atzo, Zamudion, Joe Kaeser Siemenseko presidentea. IREKIA.
xabier martin
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Siemens Gamesako bi oilar nagusien liskarrak baretzeko goi bilera egin zuten Iberdrolako presidente Ignacio Galanek eta Siemenseko presidente Joe Kaeserrek, atzo, Madrilen, eta laster jakingo da konpainia eolikoaren barruan zirimola etetea lortu ote duten. Horrela ez balitz, Iberdrolak ez luke alboratuko auzitara jotzea. Aurreko hileko 23ko akziodunen batzarrean Galanen konpainiak egindako proposamen biak atzera bota zituen Siemensek bere ordezkaritza handiena baliatuz, eta akziodun nagusi bien arteko harremana are gehiago gaiztotu zen. Orain urtebete abiarazitako konpainia berriaren euskal sustraiak eta boteregunea daude eztabaidaren erdian. Testuinguru horretan ulertu behar da Kaeser Madrildik Euskal Herrira etorri izana Alemaniara itzuli aurretik. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin argazkia atera nahi izan du Siemens Gamesa euskal erroak alboratzen ari delako salaketaren aurrean.

Azken hilabeteetan multinazional eolikoak burtsan izandako gainbeherak ere azaltzen du Ignacio Galanen ezinegona. Siemensen eta Gamesaren ezkontzak ez ditu eman, orain arte behintzat, aurreikusitako fruituak. Edonola ere, Joe Kaeserren eta Ignacio Galanen arteko goi bilera 2016ko akziodunen itunak jasotzen duen aukera zen, desadostasunak azaldu zitezkeela aurreikusita, eta bai, azaldu dira, eta ez txikiak.

Iberdrola kezkaturik dago Siemens Gamesa Alemaniako konpainia erraldoiaren adar soil bat bihurtu delakoan. Bat egindako enpresa berriko presidentea Espainiako Siemenseko presidentea da, Rosa Garcia, eta kontseilari ordezkaria Markus Tacke da, hura ere Siemenseko goi karguduna. Bada, Ignacio Galanek ez luke gaizki ikusiko presidentetza Gamesa zaharreko gidariren batek hartzea, konpainiaren botere karguak orekatzea, alegia; nahiz eta badakien Iberdrolak konpainiaren %8 duela eta, akzioen %59ari esker, Siemens dela bazkide nagusia.

Siemens Gamesaren balizko lekualdatze bat eragozteko, Iberdrolak berme handiagoak eskatu zizkion akziodunen batzarrari aurreko hilean, baina ez zuten onartu. Zuzendaritzak esan zuen konpainiaren egoitzak Bizkaian segitzea ez dagoela zalantzan. Siemensen filial eolikoaren eta Gamesaren arteko eragiketari bateratze esan izan zaio, baina, praktikan, Siemensen eskuetan utzi zuten enpresa, akzioen %59 kontrolatzen dituelako. Erreferentziazko akziodun nagusietan bigarrena Iberdrola da, jabetzaren %8ri eutsita. Hala ere, bi enpresen jarduerak elkartzeko kontratuan, berme batzuk ezarri ziren Siemensek aldebakarreko erabakiak hartzea eragozteko. Iberdrolak zalantzan jarri du berme horiek betetzen ari ote diren.

Zamudioko bilera

Ikusteko dago Ignacio Galanek eta Siemenseko presidente nagusiak Joe Kaeserrek elkarrenganako mesfidantza txikitzea lortu duten ala ez. Kaeserrek dio «ulergarria» dela Iberdrolaren ezinegona konpainiaren eboluzioarekin; «Siemens ere ez dago pozik», esan zuen Galanekin elkartu eta gero. «Lehen urtea ez da nahi genuena izan, baina merkatuak azaltzen du hein handi batean». Iberdrola aliatu gisa nahi duela aditzera eman zuen alemaniarrak. «Siemens Gamesa irauteko sortu dugu, eta Euskadiren geroan parte hartzeko». Konpainiak Euskal Herriarentzat zer-nolako garrantzia duen «erabat» jabetzen dela erantsi zuen Kaeserrek.

Hori bera esan zion Iñigo Urkulluri eta Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiari, Zamudioko Teknologia Parkean egindako bileran. Alemaniara itzuli aurretik, Kaeserren hegazkinak Loiun lurreratu zen, eta Siemenseko agintari gorena Zamudiora joan zen autoz; EAEko lehendakariari argi esan nahi izan zion Siemens Gamesa «Euskadin mantentzeko konpromisoa dutela», Jaurlaritzako iturriek azaldu zutenez. «Alemaniako konpainiako presidenteak jakinarazi diolehendakariari Euskadiko proiektuei eutsiko zaiela, Zamudion, Siemens Gamesa Renewable Energyren bidez, eta Zumaian, Siemens Engine Businesen bidez».

Siemenseko presidentea estreinakoz etorri zen Euskal Herrira, eta Jaurlaritzari «garrantzitsua» iruditu zaio, «are gehiago etorkizunari begira eta euskal industriaren aldeko apustu gisa planteatutako bisita delako». Bi aldeek elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dutela ere esan zuten Jaurlaritzaren iturriek, «bakoitzari dagozkion eskuduntzetan». Euskal enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzen eta balio kateak garatzen lagunduko duten egitasmoetan ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.