Lan harremanak. Sindikalismoa. Bernard Thibault. CGT sindikatuko idazkari nagusi ohia

«Belaunaldi berriek elkartzeko bideak aurkituko dituzte»

Emmanuel Macronen erreformen aurrean sektore anitzetako langileen eta ikasleen mobilizazioak bateratuko diren esperantza du Thibaultek, baina ez da pozik manifestazio batzuen indarkeriarekin.
IAN LANGSDON / EFE

Eneko Etxegarai Urain -

2018ko uztailak 12
Frantziako sindikatu handienetan bigarreneko idazkari nagusia izan zen Bernard Thibault (Paris, 1959), 1999. urtetik 2013. urtera arte. Gaur egun, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen kide da. Mobilizazio sindikalen inguruan eta sindikatuen zatiketari buruz BERRIAk egin galderei erantzun die, Euskal Herrira egindako bisitan.

Ipar Euskal Herrian intersindikal bakarra egiteko zailtasunak daude. Sindikatu batzuek ez dute onartzen LABekin elkartzea, tartean CGT.

Ez dut egoera lokalaren ezagutza aski, baina batasun zale jaioa naiz. Ez soilik nazionalki, edo lokalki, baita internazionalki ere; Lanaren Nazioarteko Erakundean militatzen dut. Mugimendu sindikala banatua delarik, langileak ahulduak dira beren baldintzak hobetzeko, eskubide sozialak ahulenak diren herrietan ere. Hala eta guztiz ere, badakit baldintza lokal bereziek batasuna zailtzen ahal dutela, baita baldintza nazionalek ere. Hemen mugimendu ezberdinak existitzen dira; Euskal Herrian, egoera oso espezifikoa da, baina iduritzen zait maila lokaleko militanteei dagokiela ebazteko ardura.

Beraz, bertako sekzioak izan behar du azken hitza, eta ez Pauek, orain arteko gisan?

Bai, hala iduritzen zait, nahiz eta ezberdintasunak egon daitezkeen gero. Badakit eztabaidak dituztela ea zer sindikatu den ordezkatzailea, zein ez.

Zertan da batasun sindikala Frantzian?

FO sindikaturen kongresua ikustea besterik ez da falta. Bere posizioak moldatuko ote dituen? Batasun handiago bat ondorioztatuko duen? Nik hala espero dut. Segur dena da Frantziako lehendakaria sakabanaketa sindikalaren gainean oinarritzen dela.

Parisko azken manifestazioetan, ohiko sindikatuak mugimendu autonomo batekin ateratzen dira kalera. Haietako batzuen biolentziaren erabilpena salatu izan duzue, baina leporatzen zaizue ahaztea askoz bortitzagoa izan zela 68ko maiatza.

Ezberdintasun batzuk badira. 1968. urtean, ikasle mugimendua mugimendu sendoa zen, eta errepresio polizial biziki bortitza jasan zuen. Batez ere 1968ko maiatzeko 10etik 11 gauera. Parisen ehundik gora zauritu izan ziren, eta 500 atxilotu inguru. Ordurako, enpresetan baziren greba mugimendu batzuk, baina gertakari giltzarria izan zen. Errepresio bortitz horri erantzuteko, CGTk beste sindikatuei egun bateko greba nazionala proposatu zien. Azken manifestazioetan, berriz, beste ekintza mota batzuk izan dira. Talde autonomoek batzuetan bateratua den mobilizazio sindikal bat baliatzen dute beren aldarrikapenak egiteko eta beren ekintzekin manifestazioak zikintzeko. Nahiz eta manifestazioak oso garrantzitsuak izan, hedabideek leku gehiago ematen diete bazter nahasleak deitzen direnei. Aski da autobus geltoki bat hautsia izatea, banku baten berina... hori izanen da gauean pasatuko den lehen irudia, eta eguna zikintzen du.

Horrek eguna zikintzen du, ala hedabideek kasu guzietan erabiltzen dute mobilizazio sindikala zikintzeko?

Gisa guziz, aitzakia gisa erabilia da, eta, mugimendu horien antolatzaileek egiten dutelarik, ontsaxko dakite egun sindikalaren zikintzeko balio izango duela. Alde horretatik, ez dut kontsideratzen mobilizazio sindikala indartzen duenik: elbarritzen du.

Errepresio polizialaz zenioen 68an biziki bortitza zela. Gaur egun, biolentzia polizialaren adibideak badira, Adama Traore, Theo, Remy Fraisse, NDDL...

Argi da baduela urte zonbaitzuk okertzen ari dela egoera, eta ez da Macroni lotua. Erregularki Parisko manifestazioetan parte hartzen dut. Urteak dira dispositibo poliziala manifestariengan hertsitzen ari direla. Horrek tentsioa eragiten du. Hiri guzietan ados dira manifestazio sindikaletan indar polizialek presente egon behar dutela, segurtasunerako. Baina Parisen jartzen diren dispositiboek xede dute durduzatzea, eta horren parean kaleratuak izango diren langileak direlarik, ez da harritu behar erreakzioak eragiten dituelako. Aiherkundeak sortzeko aitzakia izaten da. Manifestariak ez karrikara ateratzea ere badu xede dispositiboak, gibelerat egin dezaten, familian heldu direnak, haurrak... Ez da 1968ko Poliziaren indarkeria berdina, baina, nolanahi den, segurtasun indarren portaera estuegia da gaur egun, eta ez du ezerk justifikatzen.

Bortxaketak, heriotzak... existitzen dira.

Bai, ikusi dugu NDDLen, aireportu proiektua abandonatua izan delarik. Gobernuak har zezakeen erabaki bakarra zela uste dut. Ez zegoen arrazoirik beste etapa batera pasatzeko, baina hala egin dute, eta biolentzia atera da garaile. Gainera, suprefeturak hitz egiteko tartea zabaldu zuen, geroan horren antolatzeko. Baina hori ere ez al da autoritarismo politikoa azpimarratzeko saiakera bat? Galdera egitean, erantzuna irudikatu dezakezu.

Gazteon belaunaldiari zer erranen zenioke?

Ez dut erantzun magiko bat; esperientzia sindikaleko ekarpen xumea izanen da nirea. Batzuek erraten dutenaren kontra, nahiz eta kontestu ezberdinetan izan, ekintza kolektiboa da oinarrizkoena. 68arekin konparatuta, alde nabarmena da orduan enpresa handiak zeudela, milaka langile batzen zituztenak: industrian, autogintzan... Enplegatzaile bakar batek milaka eta milaka langile zituen. Gaur egun, kapitalismoa berriz antolatu da: milaka ziren lehen, baina gutxiago dira orain; gainera, enpresa batean lan egin ordez, 30 edo 35 enplegatzaile dituzte, gune bakarrean. Banatu, erreinatzeko erramolde zaharrak oraindik balio du. Mugimendu sozialari eta gaurko belaunaldiari dagokio norbanakoen bateratzeko formak aurkitzea, nahiz eta lan kontratua ez den berdina. Langileen elkartzearen beharra, haien bateratzea, mahai gainean dago, indar harreman nahikoa sortzeko. Ez dut argumenturik ikusten gerta ez dadin. Kontestu berri batean gara, bai, belaunaldi berriak dira, baina ez dut ikusten zergatik litzatekeen ezinezkoa. Konbentzitua naiz belaunaldi berriek elkartzeko bideak aurkituko dituztela; ez dago besterik.

Esperantza, beraz?

Bai, noski. Ez da ahantzi behar mundu hau ez dela bideragarria sozialki. Aberastasun kantitate bat dago munduan geroz eta ezberdinkiago banatua. Gainera, bada pertsona kopuru bat oinarrizko ondasunak eskuratzen ez dituena: etxebizitza, elektrizitatea... Baina, gainera, mundu hau ere ez da bideragarria ingurumen aldetik; beraz, alternatibak sortu behar dira, eta horien bateratuz etorriko dira soluzioak. Bateratzea, bere ezaugarri guzietan: soziala, kulturala...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna