'De Miguel auzia'. Epaia

«Barkatzeko» eskatu du EAJk

Urkulluk 'De Miguel auzian' zigortutakoen jarrerak gaitzetsi ditu. Ortuzarrek nabarmendu du «ustelkeria oro» salatzen dutela. Beste alderdi eta eragileek kontuak eskatu dizkiete jeltzaleei

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agerraldia egin zuen atzo, Gasteizen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gizarteari barkamena eskatu zion atzo Eusko Alderdi Jeltzaleak. Hain zuzen ere, De Miguel auziko epaia jakin eta gutxira egin zituen lehen adierazpenak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Gasteizen. Ordu berean, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ere agerraldia egin zuen Sabin Etxean, Bilbon. Besteak beste, auzian zigortutakoen jarrerak gaitzetsi dituzte. Alderdi politikoek ere beren iritzia plazaratu dute, baita eragile sindikalek ere; esaterako, LABek. Gehienek, epaian jasotako delituak «ustelkeriarekin» lotu, eta «larritzat» jo dituzte gertaerak. Are gehiago, gertatutakoen gainean azalpenak emateko eskatu diote EAJri.

Arabako Probintzia Auzitegiak hartutako erabakiaz aritu da Urkullu: «Barkamena eskatzen diot gizarteari, EAJren balio etikoen eta idearioaren aurkako jarrera gaitzesgarria izan dutelako akusatuek». Lehendakariak nabarmendu du «erabatekoa» dela kudeaketa publikoan eta politikoan «gardentasunarekin eta etikarekin» duen konpromisoa, eta, beraz, ustelkeria kasu guztiak salatzen dituela. Areago, haren arabera, gertakarien berri izan, eta hasiera-hasieratik hartu zituen kautelazko neurriak: «Kondenatutakoak, ardura publiko politikoetatik ez ezik, EAJko barne egituratik ere kanporatu genituen; afiliazio txartela emateko eskatu genien».

Izan ere, Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi duenez, kezka bat zuen kasua argitara atera zenean, 2009an: «Pertsona jakin batzuen jarrera alderdi politikoen jardunarekin lotu zitekeen». Gaineratu duenez, ordea, zigortu dituztenek EAJren bizkar jardun zuten. «Epaiak argi dio beren onuren bila ibili zirela zigortutakoak; baliteke beren posizioaz baliatu izana horretarako». Ortuzarrek ere «zintzotasunez» eskatu du barkamena. Areago, gaineratu du beren alderdi politikoak «aukera berdintasunari» kalte egiten dion «ustelkeria oro» salatzen duela: «Ustelkeria beti da ustelkeria. Are kondenagarriagoa da gizartearen ondasunen aurka egiten bada, herritarren dirua eskuratuz».

Epaian jaso bezala, Eusko Jaurlaritzari 146.230 euroko iruzurra egin zaio. Eta, beraz, Urkulluk adierazi du «egokiak» diren lege ekintza guztiak jarriko dituztela martxan diru kutxa publikoetara «azken euro zentimoa» itzultzeko: «Gure helburua interes publikoa eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ondasun publikoari egindako kaltea defendatzea da». Hala ere, gehitu du «eredugarriak» izan direla epaia jakin zenetik gaur arte hartutako erabakiak. EBBko presidenteak ere bide beretik eutsi dio, eta azaldu du EAJko kargudunak «zintzoak eta zuzenak» direla. Epaia «berandu» iritsi dela ere aitortu dutebiek, baina, gaineratu dutenez,lehena da, eta, beraz, posible da helegitea aurkeztea. «Epaia ez da irmoa», esan zuen lehendakariak.

Lotura «ustelkeriarekin»

EH Bilduk ere lehen balorazio bat egin du ohar baten bitartez. Adierazi du De Miguel auziko epaian jasotako gertaerak «oso larriak» direla, eta ezarritako delitu guztiek dutela harremana ustelkeriarekin: «Gure herrian ustelkeriarekin lotuta eman den sententzia garrantzitsuena da jakin berri duguna». EH Bilduk jakinarazi duenez, epaian jasotako delituak «icebergaren tontorra» diren edo ez jakin nahi dute. Horretarako, EAJko politikariei gertaera horien berri zuten galdetu die, besteak beste. Bien bitartean, ohartarazi dute «irregulartasunak» ikertzeko eta ezagutarazteko lanean jarraituko dutela: «Herritarrek merezi dute ustelkeriarik gabeko herri batean bizitzea; botere politikoarekin eta instituzionalarekin lotutako jarrera irregularrik gabeko herri batean».

Elkarrekin Podemosek ere berretsi egin du abertzaleek esandakoa. Andeka Larrea alderdiko komunikazio idazkariak azaldu duDe Miguel auziko epaia ustelkeriarekin lotutako «inoizko zigorrik handiena» dela. EAJri eskatu dio «autokritika» egiteko: «Ikertu beharko luke ea nola izan den posible egoera larri hau alderdiaren erdigunean eta agintzen zuten instituzioetatik gertatzea». Areago, haren arabera, gertatu dena ez da kasu solte bat, eta azken urteetan zehar hainbat izan dira kutxetan gordeta egon diren antzeko kasuak. «Ematen du ez dagoela interesik behar diren bitartekoak eskaini eta ezkutatuta dagoena argitara ateratzeko», gehitu du.

Hain zuzen ere, Elkarrekin Podemoseko komunikazio idazkariaren arabera, Eusko Jaurlaritzak ere gogoeta egin beharko luke. Izan ere, gaineratu du gobernuak «oztopoak» jarri dituela auzian, eta «klientelismo sare bat» dagoela haren eta EAJren artean: «Fiskalak esan bezala, ez daukagu egiazko polizia judizialik, baizik eta gobernuaren pean dagoen bat». Garai hartako oposizioari ere hausnartzeko deia egin dio: «PSE-EEk, PPk eta ezker abertzaleak eginiko lana eztabaidagarria da, halako auziak eragin baititu haien jardunak». Hala, ustezko ustelkeria eta klientelismo sareak amaiarazteko neurriak eskatu ditu Larreak.

Alderdi politikoek ez ezik, eragile sindikalek ere hitz egin dute. LAB sindikatuak «ustelkeria trama» gisa izendatu du auzia; eta, baieztatu du bertako kideek beti izan dutela argi Euskal Herrian ere badela ustelkeria: «Euskal oasian ere bada ustelkeria; hori ezin da ulertu arduradun bakan batzuek izandako jokamolde baten gisan». Eta, beraz, gaineratu du EAJk lokatzetan «belaunetaraino» sartu duela hanka: «Erakundeak ezin dira kudeatu batzokiak balira bezala, interes propioen mesedetan». Ustezko iruzurrak amaitzeko, LABek beharrezkotzat jotzen du administrazio eredua «goitik behera» aldatzea eta diru publikoaren kudeaketa «gardena« bermatzea.

PSE-EE eta PP

PSE-EEko batzorde exekutiboak ere ohar baten bidez plazaratu du bere iritzia. Arabako Auzitegi Probintzialak hartutako erabakia «errespetatzen» duela adierazi, eta gaineratu du «konfiantza osoa» duela justizian. «Ikuspuntu etiko batetik gaitzesgarriak diren jokabideak zigortzea eta esparru politiko eta instituzionaletik kanporatzea poztekoa da», esan dute sozialistek. Javier Maroto PPko Espainiako Senatuko bozeramaileak, berriz, adierazi du betidanik pentsatu izan dela «euskal nazionalismoa» kudeatzaile «ona eta garbia» izan dela. Halaber, gaineratu du azken epaiak «tabu» hori albo batera uzten duela: «Epaiak erakusten du euskal nazionalismoak ere lapurtzen duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.