Koronabirusa

Jaurlaritzak astelehenean erabakiko du alarma egoerari eutsiko ote dion

Gutxienez astebeteko datuak eduki nahi dituzte erabakia hartu aurretik. Txagorritxuko erietxean eta Basurtukoan jada hiru lagun zendu dira, eta kutsatutakoen kopuruak ere gora egin du bietan

Basurtuko erietxean jarritako estalpea, langileei proba egiteko. M. RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean aztertuko ditu COVID-19ak hirugarren fasean izan duen bilakaeraren datuak, eta horren arabera erabakiko du alarma egoerari eutsiko dion ala ez. Hirugarren fasea ekainaren 8an sartu zen indarrean, eta, Arantxa Tapia sailburuak esan duenez, lau egun gutxi dira ondorio bat ateratzeko gaixotasuna fase berri honetan izaten ari den bilakaeraz, eta egokiago iritzi diote aste oso baten bilakaera aztertzeari. Horregatik, datorren astelehenera arte itxarongo dute erabakitzeko alarma egoera, aurreikusita dagoen bezala, ekainaren 21ean amaituko den edo, aitzitik, lehenago emango duten bukatutzat.

Tapiak esan duenez, oraingo fasearen ezaugarriak «zaintza eta kontrola» dira: «Aurreikusitako erritmoan ari gara aurrera egiten; inoiz ez dugu azkarregi joan nahi izan, eta oraingoan ere ez». Sailburuaren arabera, hirugarren faseak aldaketa ugari ekarri ditu; adibidez, kultur, kirol eta gizarte jarduera gehiago, batetik bestera ibiltzeko aukera handiagoak, eta abar, eta komeni da ondo aztertzea nolako bilakaera izaten ari den gaixotasuna abagune berri horretan, are gehiago kontuan izanik hirugarren fasea amaitutakoan «normaltasun berria» ezarriko dela, eta hori «datozen hilabeteetako gure bizimoduaren giltza» izango dela.

«Birusa gure artean dago», esan du Tapiak, «ez da desagertu, eta normaltasun berri horretan horrekin bizitzen ikasi beharko dugu». Hala ere, baikor agertu da: azaldu duenez, oraingo egoera ez da pandemiaren hasierakoa, eta «eskarmentua» badago. Gainera, azken egunotan birusak egin dituen agerraldiak «identifikatuta eta kontrolpean» daude, haren esanetan: «Orain, otsailean ezinezkoa zen egoera batean gaude, eta gauza gara kutsatzearen iturburua detektatzeko, horren arrastoari jarraitzeko, beharrezkoak diren proba guztiak egiteko eta lokalizaturik edukitzeko».

Asmo zapuztua

Koronabirusaren agerraldi berri horiek ekarri dute Hego Euskal Herri osoan ibiltzeko aukera eta inguruko lurraldeetara —bereziki, Errioxara eta Kantabriara (Espainia)—joan-etorriak egitekoa atzeratzea. Jaurlaritza behin baino gehiagotan azaldu da aukera horren alde, eta horretarako biderik zuzenena izango litzateke alarma egoera bertan behera uztea; hirugarren fasean, autonomia erkidegoetako presidenteen eskumena da hori. Basurtuko erietxean eta Txagorritxukoan egoera okerragotu izanak zapuztu du asmoa.

Asteazkenean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroakoak bilera izan zuten, eta han Txibitek jakinarazi zion Urkulluri Nafarroak ez duela Arabarekin eta Gipuzkoarekin duen muga zabalduko hirugarren fasea indarrean den bitartean. Atzo, berriz, Kantabriak iragarri zuen ez duela Bizkaiarekin duen muga irekiko datorren astelehenean —hori zen Urkulluk proposatutako data—.

Hango presidente Miguel Angel Revillak aitortu duenez, erabaki horretan pisu handia izan du Basurtun eta Txagorritxun koronabirusa berriro agertu izanak: «Euskadin eta Kantabrian pandemiaren bilakaera ona izaten ari da, baina, berriz agertu zela jakin genuenean, txostena eskatu genion Osasun Sailari». Revillak nabarmendu du egoera ez dela «bereziki kezkagarria», fokuak «bakarturik» daudelako, baina, hala ere, nahiago du «zuhur» jokatu, eta astelehenean ez du muga irekiko.

Edonola ere, Revilla prest agertu da hirugarren fasearen epea azken bururaino ez eramateko eta muga ekainaren 21a baino lehen irekitzeko. Zehazki, ekainaren 19a aipatu du, datorren asteko ostirala; epeak bi egun laburtzea baino ez litzateke izango, baina horrek aukera emango luke asteburu horretan joan-etorriak baimentzeko: «Ekonomia ireki behar dugu, eta uda berreskuratzen saiatu hain harreman estua duten bi lurralderen artean».

Kantabriak hartutako erabakiaren inguruan, Tapiak esan du Iñigo Urkullu lehendakaria harremanetan dagoela Revillarekin eta Nafarroako lehendakari Maria Txibiterekin: «Denok pentsatzen dugu gutxienez astebeteko ikuspegia izan behar dugula, eta datu horiek eduki gabe ausartegia litzatekeela erabaki bat hartzea. Zuhur jokatu nahi dugu, eta zorrotz lan egin».

Kutsatu kopurua, gora

Txagorritxuko erietxean eta Basurtukoan izandako agerraldiei dagokienez, Osasun sailburu Nekane Murgak datu berriak eman ditu, eta, horien arabera, positibo gehiago atzeman dituzte bi ospitaleetan. Basurtun 29 dira orain arte kutsatuak, PCR proben arabera. Horietatik 11 ospitaleko langileak dira; beste 11, pazienteak, eta zazpi dira bisitariak. Bi gaixo hil dira, horietako bat azken 24 orduetan.

Txagorritxun, berriz, zazpi kutsatu detektatu dituzte PCR proben bidez: hiru paziente —horietako bat etxean dago—, langile bat, eta ospitaletik kanpo haiekin harremana izandako beste hiru lagun. Txagorritxun ere pertsona bat hil da azken kutsatze horien ondorioz.

Bi foku horiek detektatu zirenetik, PCR probak ari dira egiten kutsatutakoekin harremana izan zuten guztiei. Murgak emandako datuen arabera, Basurtun 798 PCR proba egin dituzte azken orduetan: 552 ospitaleko profesionalei egin dizkiete; 134, han dauden pazienteei; eta 112, bisitariei. Txagorritxun, berriz, 130 PCR proba egin dituzte.

Murgak esan du «zenbait hipotesi» dituztela esku artean agerraldi horien jatorriaren inguruan, baina oraindik ez dutela bat bera ere ontzat eman. Hala ere, nabarmendu du orain osasun sistemak baduela gaitasuna kutsatutakoek izandako kontaktuen mapa zirriborratzeko eta guztiei probak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.