Koronabirusa

«Ez da kasualitatea»

Tolosako Asuncion klinikako agerraldia «kontrolatutzat» eman dute, astelehenetik ez baitute kasurik atzeman. Langileek eta herritarrek manifestaziora deitu dute larunbaterako

Klinikako langileek eta herritarrek egindako agerraldia, atzo goizean, Tolosan. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Tolosa
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
«Ordua neukan hartuta 9:00etarako, baina medikuak orain deitu du esanez ezin gaituela artatu». Evaristo Garciaren hitzak dira, atzo Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikatik ateratzen ari zela esandakoak. Andoaindik Tolosaraino joan zen medikuarekin egoteko, baina alferrik: gaixorik dago, eta ezin izan zuen ikusi. «Gaixo badago, ez zen gaixotuko 8:00etan», kexatu zen Garcia.

Koronabirusak kolpea jo du azken astean ospitale horretan, eta gutxienez 35 langile eta sei paziente kutsatuta daude. Halere, klinikak atzo agerraldia «kontrolatutzat» eman zuen, BERRIAri jakinarazi zionez, ez baitute beste positiborik atzeman astelehenetik. Horrenbestez, egoerak horrela jarraitzen badu, ohiko jarduerara itzuliko dira bihar; hau da, jarduera kirurgikoari ekingo diote, eta ospitaleratzea behar dutenak Asuncionen bertan artatuko dituzte, Bidasoko ospitalera bideratu beharrean—horrela egin dute aurreko astetik—. Segurtasuna bermatze aldera, atzo klinika osoa desinfektatu zuten, eta egunotan hartutako hainbat neurri mantenduko dituzte; besteak beste, gaixo bakarra egongo da gela bakoitzean, eta ezingo dute bisitarik jaso.

Klinikak asteburuan esan zuen espero zuela asteartean edo asteazkenean ohiko zerbitzua ematen hastea, baina normaltasun zantzu handirik ez zen atzo behintzat: behera begiratu, eta garbiketako langile bat atari guztia garbitzen. Gora begiratu, leihoetan maskarak eta buzo zuriak jantzitako osasun langileak. Eta, aldian-aldian, pazienteren bat agertzen zen. Izan ere, jarduera kirurgikoa etenda eta gaixoak ospitaleratu ezinik, atzo kanpo kontsultei ekin zieten, eta larrialdietarako zerbitzua ere eman zuten.

Kontsulta «normaltasunez» pasatzeko aukera izan zutenetako bat da Jon Ander Huizi: «Tenperatura hartzen dizute, eskuak garbitu eta hori dena, baina kontsultak normal pasatzen ari dira». Halere, egoeraren berri izanda, ez zen erabat lasai joan Asuncionera: «Lasai-lasai ez zara etortzen, baina beharrezkoa dut».

Gaixoekin batera, osasun langileek bizi dituzte oinazeak gertu-gertutik. Prentsaurreko bat egin zuten atzo, salatzeko agerraldia Asuncion klinikan gertatu izana ez dela kasualitatea. «Ez da kasualitatea. jasaten ditugun lan baldintza txarren ondorioz zabaldu da COVID-19a Asuncion klinikan. Hori gertatzen da, argi eta garbi, klinika honen jabeen helburua, osasun arreta baino gehiago, irabazi ekonomikoak direlako». Argi hitz egin zuen Ainhoa Ortizek klinikako langileen izenean. Konponbideren bat aurkitu nahian, larunbatean manifestazioa egingo dute, 12:30ean hasita. Gainera, gaur babes argazkia aterako dute, 18:00etan, Tolosako Zerkausian.

Pribatutik publikora

Asuncion klinika pribatua da, baina, Osakidetzarekin duen hitzarmen baten bidez, zerbitzu publikoa eskaintzen du eskualdean. Langileak ez daude eredu horrekin ados, ordea: «Ez da kasualitatea konfinamendu hau Tolosaldean eta Asuncionen gertatu izana; beste eskualdeetan ez bezala, hemen ospitale pribatu batek eskaintzen du arreta, eta horrek zuzeneko eragina izan du». Beraz, osasun arreta publikoa eskatu zuten: «Irtenbidea osasun arreta publikoa da, %100 publikoa, beste eskualdeetan bezala».

Eskainitako zerbitzua duina izan dadin, langileek lan baldintza duinak eskatu zituzten, eta orain arte bizi izan duten egoera salatu zuten: «Ez dugu maskara egokirik izan orain arte, ezta babes neurririk ere». Haien iritziz, horrek ekarri du klinika ixtea eta langileak kutsatzea. «Interes ekonomikoak osasun arretaren gainetik jartzearen ondorio da egoera hau».

Antzeko mintzatu dira langile batzordean ordezkaritza duten ELA eta LAB sindikatuak ere. ELAren esanetan, ospitaleko zuzendaritza pandemiaren «kudeaketa txarra» egiten ari da, eta agerraldian ere, sindikatuaren iritziz, ez dute «aurreikuspen eta ardura nahikoz» jokatu. Hori kontuan hartuz, berretsi dute ospitale publiko baten beharra dagoela. Klinikaren kudeaketa «txarra» izan da LABen irudiko ere, eta nabarmendu dute langileek osasuna galtzea eragin duela. Segurtasuna bermatzeko, beharrezko lanpostu guztiak indartu behar direla azpimarratu dute. Gainera, bi sindikatuek bat egin dute larunbateko manifestazio deialdiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.