Barakaldon kalera joko dute etzi eraso matxisten aurka egiteko

Urtea hasi zenetik hirugarren erasoa salatu dute Bizkaiko herri horretan. Argitan andreen elkarteak «protestak areagotzea» erabaki du

Argitan-en elkarretaratzea joan den astean, Barakaldon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Argitan elkarteak manifestazio baterako deialdia egin du, Barakaldon (Bizkaia) izaten ari den «indarkeria matxistaren olatua» salatzeko. Mobilizazioa etzi izango da, urtarrilaren 14an, eta Barakaldoko Herriko Plazatik abiatuko da, 19:30ean. Indarkeria matxistaren aurrean, erantzun kolektiboa, elkartasuna eta autodefentsa feminista izango da manifestazioaren goiburua.

Urtea hasi zenetik, hiru eraso matxista salatu dituzte Barakaldon. Urtarrilaren 2an, gizonezko bat atxilotu zuten taberna batean emakume bati sexu ukituak egiteagatik; urtarrilaren 6an, beste bat hartu zuten atxilo bikotekide ohia jotzeagatik; eta azken erasoa joan den asteburuan gertatu da: 20 urteko gizonezko bat denda batera sartu zen lapurtzeko asmoz, eta, han lan egiten duen emakumeak kargu hartu zionean, sexu erasoak egin zizkion.

Horren aurka, «protestak areagotzea» erabaki du Argitan-ek, eta, aurrekoetan bezala elkarretaratzea antolatu beharrean, manifestazioa egitea hobetsi dute, «erantzun kolektiboa, elkartasuna eta autodefentsa feminista» aldarrikatzeko.

«Egiturazko indarkeria»

«Badakigu hau ez dela Barakaldon bakarrik gertatzen», azaldu du Argitan-ek: «Pairatzen dugun indarkeria egiturazkoa da, eta emakumeok jasaten ditugun desberdintasun eta diskriminazioen ondorioa da». Hala ere, uste dute «indarkeriaren izurri» horri erantzun egin behar zaiola: «Aukera bakarra da erantzun ahalik eta sendoena ematea. Kaleak geureak dira, eta gure lekua eta indarkeriarik gabe bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko erabiliko ditugu. Matxista eta erasotzaileek aurrean izango gaituzte. Ez dute lekurik gure bizitzetan».

Argitan-ek dei egin die Barakaldoko eta Ezkerralde osoko talde eta elkarteei manifestazioarekin bat egin dezaten, eta gogorarazi dute Ezkerraldeko beste herri batean, Portugaleten, gizonezko bat atxilotu zutela urtarrilaren 7an, emakume bat bortxatzeaz akusatuta.

Erakunde publikoei ere mezua bidali diete Argitan elkartekoek, eta «politika integral, benetako eta eraginkorrak» eskatu dizkiete «emakumeen aurkako indarkeriaren pandemiari akabera emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.