Ateak noiz eta nori zabaldu

Udazkenean ziren irekitzekoak Biktimen Oroimenezkoa, baina 2019ko ekainera atzeratu dute. Sanchezek zentroari bultzada eman nahi badio ere, gobernu aldaketak epeak luzatu ditu
Rajoy eta Urkullu, Biktimen Oroimenezkoaren lehen harria jartzeko ekitaldian, 2015eko martxoan.
Rajoy eta Urkullu, Biktimen Oroimenezkoaren lehen harria jartzeko ekitaldian, 2015eko martxoan. RAUL BOGAJO / FOKU

Iraitz Mateo Gogorza -

2018ko abuztuak 29
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak 2015eko martxoan jarri zuen Gasteizen egiten ari diren Biktimen Oroimenezkoaren lehen harria. Espainiako Bankuak duen eraikin zaharrean zabalduko dute. Harrezkero hiru urte pasatu badira ere, oraindik ez dago irekita. Egitasmoa gatazkatsua izan da hasieratik, eta Espainiako gobernu aldaketak ere trabatu du hura zabaltzeko bidea, litekeena baita gobernu aldaketarekin zentroaren funtzionamendua ere moldatzea.

Uda osterako espero zen Biktimen Oroimenezkoa zabaltzea, baina Rajoyren aurkako zentsura mozioak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeak «atzerapenak» eragin ditu epeetan, gobernuaren arabera. Halere, Sanchezek esan du Gasteizko oroimenezkoaren irekiera «bultzatuko» duela eta espero dutela 2019ko ekainerako ateak zabaltzea. Adierazi duenez, zentroa martxan jartzeko lanei helduko die gobernuak, duen «garrantziagatik»; izan ere, gune hori «terrorismoarekin gertatutakoaren kontakizuna» egiteko erabili nahi duela azaldu du.

Biktimen Oroimenezko Zentroko Komunikazio arduradun Gorka Angulok BERRIAri azaldu dionez, Espainiako Gobernuaren aldaketarekin zentroaren egoera eta funtzionamendua «korapilatsuagoa» bihurtuko da. Izan ere, kide gehienak Espainiako Gobernuak izendatzen ditu, patronatuko 22 kideetatik 11 Espainiako ministroak dira, eta bost dira Hego Euskal Herriko kargua dutenak —Jaurlaritzako hiru ordezkari, Nafarroako Gobernuko bat eta Gasteizko alkatea—, eta sozialisten gobernuarekin aldaketak gerta daitezke. Hori dela eta, guztiak noiz bilduko zain daude Biktimen Oroimenezkoan, eta bilkura horretan berriro definitu edo egokitu beharko dute funtzionamendu berria. Irekitzeko data berria dela eta, adierazi du zentroko arduradunek ez dutela egun zehatzik esku artean, oraindik ez dakitela Madrilek zer erabaki duen eta zentroan eta zabaltze egunean zein eragin izango duen.

Artxibategiak herri baten kontakizunari lotuta egon ohi dira, eta Gasteizkoak ere izango du bere pisua azken hamarkadetako indarkeriari buruzko kontakizunaren eraikuntzan. Izan ere, Sanchezek eraikin hori hautatu du Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batera urriaren 1ean egingo duen ekitaldirako, nahiz eta ordurako zentroa ez den zabalik egongo. Ekitaldi sinboliko baten bidez, zentrora gehituko dituzte Frantziako Estatuak Espainiakoari emandako ETAri buruzko zenbait dokumentu. Horrela, ETAren inguruan espezializatutako artxibategi bat eratuko dute, eta zentroaren zuzendaritzaren esku geratuko da informazio hori kudeatzea; Espainiako Gobernuak izendatu zuen zuzendaritza, eta hark erabakiko du agiri horiek nola eta norentzat jarri eskuragarri.

Biktimen Oroimenezkoaren kudeaketa dela eta, eztabaida piztu zen joan den otsailean Mariano Rajoy orduko gobernuburuaren eta Jokin Bildarratz EAJko senatariaren artean. Zentroaren «norabide ideologikoa» zuzentzeko eskatu zion Bildarratzek, eta Rajoyk erantzun zion oroimenezkoaren ideologia eta norabidea hainbat alderdiren «adostasunarekin» erabaki zirela. Bildarratzek salatu zuen «pluraltasuna» ez zela kontuan hartu, ezta euskal instituzioak ere.

Pluraltasun falta hori biktima guztiak aintzat ez hartzearekin lotu zuen Bildarratzek, baina ez da izan kritika hori egin duen bakarra. Arrazoi horregatik, protesta artean egin zuten lehen harria jartzeko ekitaldia, eta salaketa horri eusten diote gaur egun hainbat elkartek; Martxoak 3 elkarteak eta Argentinako Kereilaren Aldeko Plataformak, esaterako, mobilizazioak antolatu izan ditu, eta EH Bilduk eta Ahal Dugu-k babesa eman diete kexei.

Irizpide kontrajarriak

Edozein gisara, horiek ez ziren izan Biktimen Oroimenezkoaren harira izandako lehen tirabirak, proiektua proposatu zenerako ika-mikak hasiak baitziren Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, baten eta bestearen ideiek ez zutelako bat egiten. Madrilek jarritako helburua zen «terrorismoaren biktimen balio demokratikoak babestu eta zabaltzea, biktimen memoria kolektiboa osatzea eta gizartea askatasunaren alde eta terrorismoaren aurka kontzientziatzea». Jaurlaritza helburu horrekin ados bazegoen ere, 1936tik ordura arteko biktima guztiak kontuan hartzea nahi zuen. Espainiako Gobernuak, berriz, ez zituen aintzat hartu nahi eta ez zituen hartu; ondoren, Jaurlaritzari jakinarazi zion ez zuela izango zentroaren «gidaritza». Jaurlaritzak azaldu zuen oroimenezkoa sortzea Madrilen esku dagoela ulertzen bazuen ere aktiboki hartu nahi zuela parte.

Liskarrak apur bat baretuta, 2015ean, Eusko Jaurlaritzak txalotu egin zuen egitasmoa martxan jartzea. Joan den astean jakinarazi zuten ETAren biktimak, GALenak, GRAPOrenak eta jihadismoarenak biltzea erabaki dutela, Madrilen jihadismoaren biktimentzat aparteko zentro bat egin arte.

Biktimen Oroimenezkoa eratzeko ideiak 2012ko urtarrilean du jatorria; zehazki, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak sinatutako hitzarmen batean. PPren agintaldian proiektua «geldirik» egon da, zentroko patronatua hiru urtez egon baita bildu gabe, baina PSOE gobernura iristean, martxan jarri nahi du egitasmoa. Lau ataletan banatu dute eraikina: «Espainiako eta munduko terrorismoaren historia», «erakunde terroristak eta haien jarduna», «erantzun polizial, judizial, politiko eta soziala» eta «biktimen testigantzak». Batez ere, ETAren inguruko informazioa jasoko da, eta argitu gabeko kasuak argitzen saiatzeko erabiliko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna