Feministek salatu egin dituzte sexu erasoak saihesteko Ertzaintzak eman dituen aholkuak

Bilboko talde bortxaketagatik preso daudenen espetxealdia luzatu du epaileak, eta Gasteizen eta Donostian atxilotuak kartzelatu dituzte

Donostiako udalbatzarreko hautetsiek atzo eginiko elkarretaratzea. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Sexu erasoak saihesteko asmoz Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak Andre Maria Zuriaren jaietan banatu dituzten eskuorriak kentzeko eskatu dute Gasteizko mugimendu feministako kideek, iritzita liburuxka horietan jasotzen diren prebentzio neurriek emakumeen askatasuna «mugatzea» dutela xede. Azpimarratu dute neurriok, arreta erasotzaileengan jarri beharrean, ardura guztia emakumeengan jartzen dutela. Victoria Landa Gasteizko ertzain etxeko buruak, berriz, ukatu egin du gomendioon helburua hori dela; azaldu du «tresnak» eskaini nahi dituztela «emakumeek euren askatasuna segurtasunez erabili ahal izateko».

Eskuorri horietan Ertzaintzak eskatzen du, besteak beste, ez elkartzeko ezezagunekin itsu-itsuan, halako hitzorduak leku ezagunetan egiteko, eta horien berri emateko adiskideren bati. Halaber, gauez leku bakartietatik edo argi gutxi dutenetatik bakarrik ez ibiltzea aholkatzen du.

Gasteizko jaiak hasi direnetik hiru erasoren berri izan dute. Udalak elkarretaratze bat antolatu du gaurko, 13:00etan; mugimendu feministak atzo arratsaldean egin zuen. Herenegun gauean, txosnak hamar minutuz itxi zituzten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, igandean gasolindegi baten kanpoaldean izandako erasoaren egilea atxilotu zuen Ertzaintzak herenegun gauean, eta epaileak hura espetxeratzeko erabakia hartu zuen atzo.

Bestalde, Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun Bilbon, emakume bati ukituak egitea egotzita. Emakumeak salatu duenez, paseoan zihoan Bilboko Abandoibarra etorbidean; publizitate banatzaile bat hurbildu zitzaion, eta bularra igurtzi zion. Emakumeak jarrera hori aurpegiratu zion gizonari, eta hark «mehatxuzko» jarrera agertu zuen. Andreak 112ra deitu zuen, laguntza eske, eta Ertzaintzak gertaeren tokian bertan atxilotu zuen gizonezkoa.

Espetxealdia, luzatuta

Aurreko astean Bilbon izandako talde bortxaketa dela-eta behin-behinean preso dauden bi gazteen espetxealdia aztertu zuen atzo instrukzio epaileak, eta luzatzea erabaki zuen. Beste lau inputatuak baldintzapean aske daude.

Bilboko Konpartsek, berriz, jakinarazi dute sexu erasoen aurkako mezuak jarriko dituztela Aste Nagusiko txosnetan, «argi geratzeko inon ez dela eraso sexistarik onartuko eta erasotzaileak ez direla ongi etorriak izango». Horrez gain, aurreko urteetako protokoloa indarrean izango da.

Donostiako mugimendu feministak, berriz, elkarretaratze bat egin zuen atzo arratsaldean, emakume adingabe batek igandean jasan zuen erasoa salatzeko; eguerdian, Donostiako udalbatzarrak gauza bera egin zuen. Erabateko irmotasunez gaitzetsi zuen erasoa, eta babesa eta elkartasuna adierazi zizkion biktimari. Igandeko erasoari dagokionez, Ertzaintzak 18 urteko gizon bat atzeman zuen herenegun. Epaileak behin-behinean espetxeratzea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.