Talde bortxaketa egotzita, behin-behinean kartzelara

Baionako bestetan izandako bortxaketaren harira, bi gizon preso sartu dituzte auzia egin arte. Bi gizon zigortu dituzte sexu delituak leporatuta

Indarkeria matxistaren kontrako informazioa, Baionako bestetan. P. BELTZAIZ.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Baionako bestetan, emakume batek salatu zuen bi gizonek bortxatu egin zutela. Hala, Frantziako Poliziak ikerketa abiatu zuen, talde bortxaketagatik. Ikerketapean ezarritako bi gizonak aske utzi zituen epaileak hasieran, kontrol judizialpean, baina, Baionako prokuradorearen helegite baten ondorioz, preso sartzeko agindu zuen atzo Paueko Dei Auzitegiak (Okzitania).

Izan ere, fiskalak aste honetan egin zion galdea epaileari. Biktimari «presio» egiteko arriskua zegoela erran zuen, baita ihes egitekoa ere. Emakumeak salatu zuen gizonetako baten etxean gertatu zela bortxaketa, Angelun (Lapurdi), Baionako besten denboran. Akusatuetako batek bortxaketa telefonoarekin grabatu eta beste gizon bati bidali ziola ere salatu du biktimak.

Beste hiru kasu egunotan

Baionako auzitegiak 69 urteko Kanboko (Lapurdi) gizon bat epaitu eta kondenatu zuen herenegun, bi alabasoei sexu erasoak egiteagatik; biktimek 7 eta 5 urte zituzten aitonak eraso egin zienean. Hunkituak eta hitzezko jazarpen sexuala egin zizkien gizonak. Epaileak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio, baina bakarra betetzeko aginduarekin; etxetik betetzen ahalko du kondena. Biktimei 8.000 euroko kalte ordaina eman beharko die, eta ezingo da haiengana hurbildu hiru urtez. Epaileak arta psikologikoak jasotzera ere behartu du.

Gasteizen, bestalde, Arabako Probintzia Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra eta bost urteko inhabilitazioa jarri dizkio gizon bati, begirale zela adingabe bati ukituak egiteagatik. Halaber, gizonak 3.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari.

Indarkeria matxistarekin lotutako beste kasu baten berri ere eman zuten atzo. Gasteizko Udaltzaingoak 30 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun, bikotekidea zauritzea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.