Eraso matxistagatik, gizon bat zigortu dute Baionan

Baionako Auzitegiak lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio. Iruñean, 42 urteko gizon bat atxilotu du Foruzaingoak, sexu eraso batekin lotuta

Indarkeria matxista gaitzesteko elkarretaratze bat. M.RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Baionako Auzitegiak gizon bat kondenatu zuen herenegun, indarkeria matxistagatik. Irailaren 3an, Baionan, haren bikotekidea jipoitu zuen lepotik tinkatuz, eta, labana batekin hiltzeko mehatxuak egin zizkion. Emakumea karrikara atera zen 5 urteko alabarekin, ihes egin nahian, eta orduan atxilotu zuen Frantziako Poliziak haien atzetik zihoan gizona.

Herenegun ezarri zioten kondena. Lau hilabeteko espetxe zigorra bete beharko du, eta, gainera, beste delituren bat eginez gero, beste lau hilabeteko kondena ere ezarriko diote gibelapenarekin. Prokuradoreak urruntasun eskumuturreko bat ezartzeko eskatu zuen, baina epaileak ez zuen galde hori segitu.

Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko egoitzetako batean —Bideko Ama ospitalea zen eraikinean— sexu eraso bat salatu zuten herenegun. Ospitale horretako kafetegia zerbitzua ematen duen Arcasa enpresak eman zuen albistea, ospitaleko Lan Zuzendaritza eta Batzordearekin batera. Bada, atzo, 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Foruzaingoak, erasoa egin izana egotzita.

Gertakariaren berri herenegun eman bazuten ere, duela astebete gertatu zen erasoa, irailaren 2an. Salaketa jaso eta berehala, Foruzaingoak aktibatu egin zuen sexu indarkeriaren aurkako protokoloa, eta arta psikologikoa eta juridikoa eskaini zion emakumeari. Ikerketa ere abiatu zuen. Atzo eguerdian elkarretaratzea eginen dute ospitalearen aurreko plazan, erasoa gaitzesteko.

Epaiketa Bizkaian

Astelehenean hasiko dute Abanton (Bizkaia) emaztea eta alaba ustez hil zituen gizonaren kontrako epaiketa, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. 2020ko martxoan gertatu zen hilketa matxista: 54 urteko eta 24 urteko bi emakume atzeman zituzten hilik. Susmagarria kartzelan da orduz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.