«Ez dago ardura politikorik»

2003tik orain arteko Hezkuntza sailburuek erantzun dute ez zegoela jakiterik eskola jantokietako enpresek jokabide irregularra zutenik. «Une oro» araudia bete zutela esan dute

Ikastetxe bateko jantokia. JON HERNAEZ / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Zortzi enpresak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako jantokien kontratua «banatu» zuten elkarren artean, eta lehia askearen arauak urratu. Lehiaren Euskal Agintaritzak frogatutzat jo zuen jokabide irregular hori izan zela 2003-2011 eta 2013-2015 bitartean. Are, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak iradoki zuen enpresek ezin zutela hori egin administrazioaren parte hartzerik gabe. Dena den, 2003tik 2015era arte egon diren lau sailburuek berretsi dute ez zela «erantzukizun politikorik» egon. Areago, guztiek berretsi dute «unean uneko araudia» bete zutela.

Anjeles Iztueta, Tontxu Campos eta Isabel Zelaa Hezkuntza sailburu ohiak Eusko Legebiltzarrean izan ziren atzo, eskola jantokiak ikertzen dituen batzordean, Cristina Uriarte egungo Hezkuntza sailburuarekin batera. Camposek ohartarazi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak administrazioaren «utzikeriaz» hitz egiten duela, baina ez «utzikeria politikoaz». «Atzera begiratuz gero, badirudi ardura bat dugula, baina ez politikoa, ez genuelako hori bilatu».

Zelaak berretsi zuen Hezkuntza Sailak ez zuela aukerarik izan enpresen jokabidea atzemateko. «Auzitegi espezializatu batek, gaian adituak diren pertsonekin, ia hiru urte behar izan zituen iruzurra atzemateko». Are, irmoki gogorarazi zuen inork ez zituela salatu gaur egun frogatutzat jotzen diren irregulartasun horiek, ezta salaketa jarri zuen enpresak ere. «Nire agintaldiak inork ez zuen enpresen jokabide irregularra mahai gainean jarri, ezta Aibak enpresak ere».

Camposek aipatu zuen «ez zaintzearen errua» aipa daitekeela, baina, kasu horretan, zaila dela erantzukizunen nondik norakoak zehaztea. «Hezkuntza Sailaz gain, gobernuaren lana fiskalizatzen dutenek ere erantzukizuna ote dute?».

Lehentasuna, «kalitatea»

Iztuetak 2003ko testuingurua ekarri zuen gogora. «Janariaren kalitatea bermatu nahi genuen; nik dakidala, kontratazio arau guztiak bete eta errespetatu ziren». Eskola publikoen jantoki zerbitzua zentralizatuta eskaintzeko araua 1997-1998ko ikasturtean sinatu zuen Inaxio Oliverik, eta hortik aurrera garatzen hasi ziren. Are, Iztuetak gogorarazi zuen kontratuetan azken hitza ez zela Hezkuntza Sailarena, baizik eta Ogasun Sailarena eta Lehendakariordetzarena.

Zelaak nabarmendu zuen bere agintaldian jantoki zerbitzuen kontratu eredua aldatu zuela. Ordea, nabarmendu zuen aldaketa Espainia eta Europako araudietara egokitzeko egin zutela. «Araudia aldatu bagenuen, ez zen izan irregulartasun zantzurik antzeman genuelako». Halaber, oroitarazi zuen kontratazio irizpideak aldatzean diru sailak ere urritu zituztela, Espainiako Gobernuak ezarritako eskaerak betetzeko.

Legebiltzarreko batzordean enpresen jokaera irregularrak familiei eragindako kalteaz behin baino gehiagotan hitz egin zuten. Dena den, Camposek, Zelaak eta Uriartek nabarmendu zuten ez zela horrelako kalte ekonomikorik gertatu, ez zuzenean behintzat. Hirurek argudiatu zuten enpresen kontratuen gorabeherek ez dutela eragiten familiek ordaintzen dituzten kuotetan.

Azkenik, jantoki zerbitzu zentralizatuaren eredua aldatzeaz ere mintzatu ziren legebiltzarreko ikerketa batzordean. Camposek nabarmendu zuen atzera egiteko aukera izango balu eredu deszentralizatuetan «ahalegin batzuk» egingo lituzkeela. Kontrako bidetik mintzatu zen Zelaa. Uriarte sailburuak egun indarrean dauden saioak ekarri zituen gogora, eta horien zailtasunez ere ohartarazi zuen. «Jantokien autogestioa garatzea ez da erraza, baina, aldi berean, ikastetxeen autonomiaren barruan dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.