Noiz sortua: 2020-01-28 00:30:00

Iruñeko bi haur eskola gaztelerako eredura itzularaziko ditu udalak

Enrique Maia alkateak azaldu du epaitegietako sententziak beteko dituztela. Donibaneko eta Printzearen Harresiko eskoletan ezinen dira haurrak euskaraz matrikulatu. Eskaria «egiaz» aztertuko dute
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko urtarrilak 28
Enrique Maia Iruñeko alkatearen arabera, aitzineko legealdian EH Bilduk ez zien «familiei entzun nahi izan», eta «inposaturiko euskarazko eskaintza auzitegietan defendatzera tematu zen». Auzitegiek ez zioten arrazoirik eman aitzineko udal gobernuari, eta Maiak azaldu du epaitegiek errandakoari jarraikiz euskarazko eskaintza kenduko dutela Donibaneko eta Printzearen Harresiko haur eskoletan: gazteleraz soilik matrikulatzen ahalko dira haurrak bi eskola horietan.

Aldaketa hori «progresiboki» eginen dutela zehaztu zuten atzo Enrique Maia alkateak eta Fernando Sesma Hezkuntza zinegotziak Iruñeko udaletxean egindako agerraldian. «Ez diegu familiei eginen aurreko udal gobernuak egin ziena». Hala, hiru urtez pasatuko dituzte bi haur eskola horiek euskarazko eskaintzatik gaztelera hutsekora: 2022-2023 ikasturterako ez litzateke euskarazko hezkuntzarik egonen bi haur eskola horietan.

Aitzineko udal gobernuak euskararanzko aldaketa «zakarki» egin zuela salatu du Navarra Sumak: «Erabaki bat hartzera behartu zituzten familiak: bertze eskola batzuetara mugitzea edo sinisten ez zuten eredu batean izena ematea». EH Bilduren jarrera «ilegala, etikarik gabea eta politikoa» izan zela salatu dute. Hala, Navarra Suma buru duen udal gobernuak erran du «normaltasunera» itzuliko dituztela Iruñeko haur eskolak.

Auzitegiek errandakoa beteko dutela ez ezik, ikerketa bat martxan dutela eta eginen dutela ere jakinarazi dute Maiak eta Sesmak. Iruñeko gurasoen «zinezko eskaria» zein den jakin nahi dute, lehenagoko ikerketekin sinesgogor. «Bertze informazio mota bat daukagu. Hemendik aitzinera familiek desio dutena egiten ahalko dute, aukeratzeko askatasunez eta inposiziorik gabe».

Arrotxapeko haur eskolei buruzko xehetasunak ere eman dituzte: Goiz Eder haur eskolan hemendik aitzina euskarazko eta gaztelerazko eskaintza —azken hori ingelesezko jarduerekin; biak emanen dituzte. Orain arte euskarazkoa soilik zegoen.

EH Bildu, kexu

EH Bilduk segituan kritikatu du Navarra Sumak harturiko erabakia, eta eskatu du geldiaraz dezatela bultzatu nahi duten «itzulera». «Euskarafobiaren» adibide da Navarra Sumak hartu nahi duen neurria, EH Bilduren ustez, eta salatu du Iruñeko iparraldeko auzoetara joan beharko dutela umeak euskaraz matrikulatu nahi dituzten familiek: «Berriz ere Txantreara edo Arrotxapera joan beharko dute, hiria egunero gurutzatzeak dakarren arrisku eta gastuei aurre eginez». Euskarazko hezkuntzaren alde egiten dutenak «zokoratzea» leporatu dio EH Bilduk udalari, eta «eskaintza benetako eskarira» egokitzea galdegin du. Abertzaleek eskatu dute bi irizpidetan oinarritu dadila haur eskolen eskaintza: eskarian eta eskolen lurralde banaketan.

Iruñeko haur eskoletako gurasoek, euskalgintzako eragileek eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuek, berriz, protestara deitu dute heldu den otsailaren 1erako: 13:00etan bilduko dira, Iruñeko udaletxearen aitzinean. Maia alkateak aldaketa iragarri aitzin deitua zuten protestara.

Iruñeko Udalak guztira 11 haur eskola kudeatzen ditu, eta, iragarri duen aldaketarekin, horietatik bi haur eskolatan soilik eskainiko luke euskaraz ikasteko aukera: Txantreako Izartegin euskaraz soilik, eta Arrotxapeko Goiz Ederren, euskaraz eta gazteleraz —ingelesezko jarduerekin—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna