GuraSOSek dio enpresak babesten ari dela GHK, 21 milioi ordain ez ditzaten

Salatu dutenez, erraustegiak martxan egon behar zuen urritik, eta, bestela, 60.000 euroko zigorra ezarri behar zitzaien enpresei. GHK-k bere burua babestu du, eta «alarma» piztea egotzi die

Zubietako erraustegiko ikuspegia, Andatza menditik. GORKA RUBIO / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
GuraSOSek Zubietako erraustegiaren ustezko irregulartasunen inguruko beste atal bat ireki du. Oraingo honetan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) eta enpresak «egiten ari diren irregulartasun ekonomikoak» salatu dituzte elkarteko zerbitzu juridikoek. Ziurtatu dutenez, enpresek dagoeneko 21 milioi euro zor dizkiote GHKri, kontratua ezbetetzeagatik. Haren aburuz, GHK «enpresak babesten» ari da, zigor hori ordain ez dezaten. Hori dela eta, plataformak administrazioarekiko auzi prozesua ireki du Donostiako epaitegian. GHKri ere eskaera administratibo bat egin dio, zigor ekonomikoak kobratu eta kontratua bertan behera utz dezan.

GuraSOSek uste du enpresa taldeak —Urbaser, Maridiam, Altuna y Uria, Moyua, Murias eta LKS— beste zigor bat ere ordaindu behar duela, erraustegiaren transformadore nagusia Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren baimenik gabe eraiki eta martxan jartzen saiatzeagatik. Industria Sailak zigor prozedura bat ireki die enpresei horregatik.

GHK-k eta enpresa talde emakidadunak 2017ko apirilaren 3an sinatu zuten kontratua tratamendu mekaniko biologikoko (TMB) planta eta erraustegia martxan jartzeko. Berez, enpresa taldeak 2019ko ekainaren 3rako amaitu behar zituen lanak, eta beste lau hilabete izango zituen proba faserako. Beraz, proba aldia 2019ko urriaren 3an bukatzekoa zen. GuraSOSen arabera, kasu horiei ezarri beharreko legearen arabera, epeak ez betetzeagatik 60.000 euroko zigorra ezartzen zaio enpresa emakidadunari egun bakoitzeko. Lege horrek zigor horiek saihesteko zenbait kasu ere aipatzen ditu —elektrizitate atmosferikoak piztutako suteak, natur hondamendiak eta ordena publikoko kalteak—. Kasu bakarra ere ez dela gertatu ziurtatu du GuraSOSek.

GHK-k iazko abenduaren 16an onartutako akordioaren arabera, 2017ko negu-udaberrietan izandako «ezohiko» euriteek eragin zuten atzerapena. Alabaina, enpresek aitortu dute hori ez zela izan arrazoia. Izan ere, Ekondakinek (enpresa emakidaduna) epea luzatzeko GHKri 2019ko irailaren 27an egindako eskaeran aitortu zuen hasieran atzerapen bat eragin ziotela obrari, baina hurrengo hilabeteotan eman ziotela buelta egoerari. Ekondakinek, ordea, transformadore nagusia energizatzeko izandako arazoa aipatu zuen. «Zergatik ari da gezurretan GHK?», galdetu du GuraSOSek: «Helburu bakarra dauka: enpresek 21 milioi euro ordaintzea galaraztea, eta kontratua bertan behera uztearekin batera aitortu beharko litzatekeen kudeaketa txarra estaltzea».

GHK-ko lehendakari Jose Ignacio Asensiok eta zuzendari nagusi Cesar Gimenok 2018ko abenduan egin zuten bisita bat erraustegiko lanetara, eta han ziurtatu zuten obra «aurreikusitako epeetan» egiten ari zirela. 2019ko abenduaren 16ko batzarrean, baina, GHK-k obra bukatzeko epearen luzapena onartu zuen, eta arrazoi nagusi gisa 2017ko azarotik 2018ko uztailera izandako euriteak hartu zituzten, Simons & Simons aholkularitza enpresaren txosten bat oinarri gisa erabilita. GHK-k onartu zuen bost hilabeteko atzerapena «justifikatua» egon zela. Epeetan izandako kontraesan horiek nabarmendu ditu GuraSOSek. «Epea luzatzeko eskaera atzerapenaren jatorrizko arazoa gertatu eta hamabost eguneko epean egin behar zuen kontratistak. Kasu honetan, 2019ko irailaren 27an egin zuen, ustezko euriteak baino bi urte geroago».

GuraSOSek beste datu bat ere eman du. Hau da, GHK-k obrak egiteko epea luzatzeko abenduaren 16ko akordio horrek ez zuela pasatu partzuergoaren barruko kontrol bidea, ez idazkariak eta ez esku hartzaileak ez dutelako parte hartu prozesuan. Hala, dei egin die mankomunitateei, udalei, GHK-ko batzarkideei eta fiskaltzari «legez kanpokoak» diren ekintzen aurka ekiteko.

Erraustegiko transformadore nagusian iazko ekainaren 11n izandako leherketak eragin duatzerapena erraustegian. Gaur-gaurkoz,probak egiten ari dira. Berehala zaborra erretzen hasi nahi badute ere, oraindik tximiniako gasen kontrolerako sistemak ez du behar bezala funtzionatzen, eta, beraz, ez dira horretan hasi, BERRIAk obra barruko iturrietatik jakin duenez.

Ingurumen baimena

Bestalde, guraso plataformak aurreko astean salatu zuenez, erraustegiaren IngurumenBaimen Bateratua (IBB) iraungita dago, probak egiteko gehienezko epea —zazpi hilabete eta erdi— pasatu delako. 2019ko irailaren 27an, enpresek probaldia eteteko eskatu zioten GHKri. Partzuergoak, euren deia jaso, eta Ingurumen Sailari eskatu zion proba aldia eteteko. GHK-k urriaren 2an aurkeztu zuen eskaera Ingurumen Sailean, argindar horniduran arazo bat zutela argudiatuta. Jaurlaritzak urriaren 17an bertan behera utzi zuen proba aldia, eta azaroaren 26an berriz jarri zuen martxan, arazoa konpondutzat jota.

Jaurlaritzak BERRIAri adierazi dionez, baimena indarrean dago apirilaren amaierara arte. Izan ere, argudiatu du probak eteteko agindua atzerako eraginez hartu zela. Hau da, ekainaren 11tik azaroaren 27ra arte egon da IBBa izoztuta. GuraSOSek gezurtatu egin du hori, azaroaren 27ko aginduan ez baitzen halakorik aipatzen. Gai horri buruz Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak azalpenak eman beharko ditu legebiltzarrean, haren agerraldia eskatu baitute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

GHKren erantzuna

GHK-k gogor erantzun dio GuraSOSen salaketari: «Hartutako erabaki guztiak modu garden eta demokratikoan» izan dira, «alderdi guztiak eta herrialdeko erakunde guztiak» ordezkatuta dauden batzar batean. GHK-k «alarma» sortzea egotzi dio GuraSOSi, eta adingabeak erabiltzea gaitzetsi du bereziki. «Arduragabekeriaz» jokatzea leporatu dio. Alabaina, hedabideetara bidalitako oharrean ez ditu erantzunGuraSOSek salatutako puntuak. «GHKren batzarra legitimatuta dago Gipuzkoako Ingurumen Zentroaren kontratuaren eraikuntza bideratzeko kontratuaren edukiak interpretatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.