Lehorra, kutsadura eta sua

Aire kutsadura handitu egin da, beroaldiarengatik. OMEk ezarritako muga gainditu dute neurgailu askok, baina alerta egoeratik urrun oraindik. Pertsona bat hil da Derioko sutean

Helikopteroak aski ez, eta ur hegazkin bat erabili behar izan dute Goizuetako sutean. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Iazko otsaileko azken egunetan, elur maindire batek estali zuen Euskal Herri ia osoa, Bardeatik kostaraino. Aurten, berriz, uda giroko tenperaturak erregistratu dituzte termometroek, eta prezipitazioen arrastorik ere ez dago. Ezohiko egoera meteorologiko horrek, baina, bestelako kalteak eragin ditu: alde batetik, airearen kutsadurak gora egin du, tenperatura altuen eta egonkortasun atmosferikoaren ondorioz; bestetik, giro lehorrak eta hego haizeak hauspotuta, sute ugari piztu dira.

Derion (Bizkaia), ezbeharra eragin du suak: pertsona bat hil zen atzo, seminarioaren eta Sondikako aireportuaren artean dagoen baratze inguruan piztutako sutean. Derioko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, sastraka multzo batek hartu zuen su. Goizuetan (Nafarroa), berriz, atzo goizaldetik ari dira suhiltzaileak eta basozainak, Berazkun auzoan piztutako sutea kontrolatzeko lanetan. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bi helikoptero erabili behar izan dituzte, eta ur hegazkin bat ere eskatu diote Espainiako Gobernuari, garrak itzaltzeko. Ehun hektareatik gora erre dira dagoeneko. Nahita piztutako sutea izan daitekeela adierazi du gobernuak. Iruritan, Beintza Labaienen, Zugarramurdin, Ezkurran eta Kasedan ere piztu dira sute txikiagoak. Gipuzkoan, berriz, 30 eta 40 hektarea artean erre dira Zabalegi mendian, Aralarren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Amezketako aldetik sortu eta Bedaio arteko mugaraino zabaldu zen sua. Jaizkibel mendian ere piztu zen sutea, hiru lekutan gutxienez, eta errepidea itxi behar izan zuten.

Suteena ez da, baina, eguraldiak eragindako albo kalte bakarra. Azken egunetan, nabarmen handitu da kutsadura atmosferikoa, Iberiar penintsulan egonkortu den antizikloiaren eraginez. Hala, OME Osasunaren Mundu Erakundeak egokitzat jotzen dituen parametroez gaindiko datuak jaso dituzte Euskal Herriko neurgailu askok. OMEren irizpideen arabera, gehienez 50 mikrogramo PM10 partikula antzeman beharko lirateke metro kubo bakoitzeko. Azken egunetan, Euskal Herri osoko hogei bat neurgailuk gainditu dute kutsadura maila hori, eguneko uneren batean. Basaurin erregistratu dute azken egunetako kutsadurarik handiena, metro kubikoko 104 mikrogramo PM10 antzemanda. Bilbon, 53 mikrogramo detektatu dituzte; eta Iruñean, berriz, 64.

Normalean, ibilgailuek eta fabrikek partikula kutsagarri ugari isurtzen dituzte atmosferara, baina kutsadura hori barreiatu egiten da. Oraingoan, berriz, tenperatura altuek eta prezipitaziorik ezak berekin ekarri dute kutsadura airean pilatzea. Ekologistak Martxan taldeak salatu du administrazioek ez dutela neurririk hartu «trafikoa murriztu eta herritarren osasuna bermatzeko». Espainiako legeen arabera, alerta egoera ezarri ahal izateko, neurgailuek 35 egunez gainditu beharko lukete gehienezko kutsaduraren langa. Ekologistak Martxan-en ustez, ordea, araudi hori «malguegia» da, eta OMEren irizpideak aintzat hartzeko eskatu du.

Aldaketa, datorren astean

Arnaitz Fernandez meteorologoaren esanetan, azken hiru asteotan Iberiar penintsularen gainean egon den antizikloiaren eraginez igo dira tenperaturak. Polenaren ugaritzea ere horren ondorio dela esan du. Hala ere, zenbait urtean behin gertatzen den fenomeno batda: «Oraingoz, normala dela esan dezakegu. Maizago gertatuko balitz, klima aldaketaren eraginaz hitz eginen genuke». Aste honetan, meteorologoek ez dute espero egoera zeharo aldatzea. Hurrengoan, bai: «Gaurtik, ipar-mendebaldeko haizea sartu eta sentsazio termikoa apur bat jaitsiko da, baina ez dugu prezipitaziorik espero. Heldu den astean, berriz, antizikloia mendebalderantz mugitu, eta fronteren bat izan dezakegu asteazkenetik aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.