Berba gutxiko aitortza

Espainiako Gobernuko presidenteak bisita egin du Euskaltzaindira, haren mendeurrenean. Zuzendaritzarekin argazkia egin eta ohorezko liburuan idatzita joan da Pedro Sanchez.

Andres Urrutia, Pedro Sanchez, Juan Maria Aburto eta Jesus Loza, atzo, Euskaltzaindiaren egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ehun urtean Espainiako Gobernuko presidente batek Euskaltzaindiari egindako lehen bisitak ikusmina sortu du. Kazetariz bete zen atzo akademiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitza nagusia, Pedro Sanchezek zer egingo, zer esango. 12:00etan iritsi zen, iragarri bezala. Argazki ofiziala egin zuen. Ohorezko liburuan idatzi zuen. Azkue Biblioteka eta Euskaltzaindiaren Artxiboa ezagutu zituen. Eta atarian gaztelaniaz «ohorea izan da» esanda, autora itzuli zen. Andres Urrutia euskaltzainburuak eskatuta ohorezko liburuan idatzitakoa ozen irakurri zuenekoak izan ziren haren berba bakarrak. «Euskararen errege akademiari, haren zuzendaritzari eta langileei, eta, haien bidez, euskal herriari, historia luzea eta are etorkizun oparoagoa duen euskarari esker, euskal eta espainiar gizarteak aberasten jarrai dezaten. Ohorez eta harrotasunez, Pedro Sanchez». Euskara goraipatu bai, baina gaztelaniaz idatzi zuen. Euskaraz, sartu zenean«egun on» baino ez zuen esan.

Urrutiarekin batera, Bilboko Udalak egin zion harrera: Juan Mari Aburto alkateak eta EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek—Nekane Alonsok, Alfonso Gil alkateordeak eta Luis Egiluzek—. Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere eurekin zen. Euskaltzainburuaren esanetan, bisita «erakargarria eta garrantzitsua» izan da. «Aitortza izan da akademiak egindako lanarentzat, baina baita euskal kultura eta euskararentzat ere». Sanchezi eskatu zioten «begirunea izatea, harremanak mantentzea eta euskara aintzat hartzea» bere jardunean. «Eskaera zehatzagoak, egitekotan, hurrengo presidenteari».

«Euskararen defentsan»

Sanchez joandakoan, erakundearen lana azaldu zuen Urrutiak. Zuzendaritzan euskal lurralde guztiak ordezkatuta daudela zehaztu zuen. «Euskal Herriaren osotasuna hartu, eta euskara eta euskal kultura aldeztea: hori da Euskaltzaindia». Mendea bete du. Urrutiak aitortu du une gazi-gozoak izan direla. «Euskararen defentsarako eta aurrerakuntzarako jardun du akademiak, egoera politiko oso ezberdinetan, gainera». Hala ere, gurago izan du «itxaropenez betetako» etorkizunari begiratu. «Hizkuntzen arteko elkarbizitza» defendatu du.

Atzera begirakoa presidentearekin egin zuen Urrutiak atzo, Azkue Bibliotekako harribitxiak erakutsi zizkionean: «Liburu bakoitzari 40 segundo eskainita, euskararen historia laburbiltzen ahaleginduko gara, masterra eginda joan zaitezen». Barre egin zuen Sanchezek. Hiru opari eroan zituen: Axularren Gero, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae eta Poza lizentziatuaren Antzinako Espainietako hizkuntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.