Eskola kristauek beti fiskaltzan salatuko dituzte sexu abusuak

Protokolo berria dute Kristau Eskolan eta Eskola Katolikoetan. Zentroetan batzordeak sortuko dituzte, halako kasurik balego ere

Deustuko salestarren ikastetxeko abusuak salatzeko elkarretaratzea. L.J. / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Sexu abusuen aurkako protokolo berria jaso dute Kristau Eskolako kide diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 131 zentroek eta Nafarroako Eskola Katolikoetako 40 ikastetxeek. Espainiako Eskola Katolikoak federazioak osatu du, eta zentroetako zuzendariei bidali die. Sexu abusu baten berri izan edo gertatzen ari den susmoa izan bezain pronto nola jokatu behar duten zehazten du. Abusuak fiskaltzan salatu beharko dituzte beti, salbuespenik gabe.

Ikastetxe guztiek krisi batzorde bat osatuko dute, eta abusu kasuak dauden aldiro aktibatuko dira. Eskolako zuzendaritza, abokatuak eta psikologoak izango dira batzordeko kide. Kasu batzuetan, ikastetxea dagoen elizbarrutiko gotzaina edo jabe den ordena erlijiosoko burua ereegongo da. Haiek hartuko dituzte erabakiak. Aurretik, abusuaren berri izan duenak zentroko zuzendaritza ohartaraziko du. Umearekin eta senideekin harremanetan jarriko da ikastetxea, haiek entzun, babestu eta laguntzeko. Orduan hasiko da batzordea beharrean. Besteak beste, barne ikerketa irekiko du, eta fiskaltzara joko du. Abusatzailea abadea edo fraidea denean, Elizan ere salaketa jarri beharko da. Abusuak aspaldikoak izan eta preskribatuta daudenean edo ustezko erasotzailea hilda dagoenean, orduan ere ikertu, biktima babestu eta neurriak hartu beharko direla dio protokolo berriak.

Jarrera aldaketa

Azken hilabeteetan jakin diren kasuen ondoren dator protokoloberria. Urtea hasi denetik, Euskal Herrian hiru ikastetxetan salatu dira. Biktimek hainbatetan egotzi izan diete Eliza katolikoari eta haren inguruko erakundeei abusatzaileak babestu eta errua eurei egotzi izana. Protokolo berriak jokabide horiek aldatu nahi ditu, eta esplizituki debekatzen ditu: «Ezin da erantzule egin biktima izan den umea, nerabea edo heldua. Salaketei ezin zaie garrantzirik kendu, eta ezingo dira inoiz zalantzan jarri». Era berean, ikastetxeetako arduradunek adierazpen publikoak egin behar dituztela dio testuak, eta komunikabideei albisteen zuzenketak eskatzea ere debekatu egiten die.

Ikastetxe erlijiosoen federazioak osatutako protokoloak dio eskola bakoitzak berea osatzea komeni dela. Vatikanoak datozen asteetan aurkeztuko duen protokolo berriaren zain ere badaude:otsailaren 21etik 24ra mundu osoko gotzainen biltzarretako presidenteak Erroman bildu ziren abusuei buruzko bilkuran, eta haren emaitza izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.