«Ez dugu atzera egingo»

Gipuzkoako zahar etxeetako ELAko langileak Donostiako Emakumeen Etxean itxi dira, diputazioari soluziobide bat eskatzeko. Foru aldundiak aurpegia zuritu duela salatu dute

Zahar etxeetako langileak, atzo, Donostiako Emakumeen Etxean. Eskuinean lehena, Bego Gainza. ANDONI CANELLADA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
«Azkenean erabaki hau hartu dugu Martxoaren 8a datorrelako. Maite Peña [Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua] atzo prentsan atera zen esanez emakume denok atera behar dugula kalera, baina guretzat fartsa bat da. 5.000 langile dauzka greban, urte eta erdiz, eta beste alde batera begira dago». Bego Gainza langilearen hitzak dira. Donostiako Emakumeen Etxeko goiko solairuan dago, elastiko morea jantzita, eta kazetariaren lehen galdera bukatzen utzi baino lehen hasi da solasean, haserre: «Martxoaren 8a guretzat egunero da, ez urtean behin». Kazetaria bezala, begira-begira dauzka gainontzeko lankideak eta borroka lagunak ere. Eta esaldi multzo bat amaitu orduko txaloka hasi zaizkio segidan: «Bai horixe, Bego! Jo eta ke!».

Atzo eguerdiaz geroztik, hogei bat emakume Donostiako Emakumeen Etxean daude bilduta. Gipuzkoako zahar etxeetako langileak dira, ELAko sindikalistak, eta Gainzaren hitzetan beren burua islatuta ikusten dutela erakusten dute haien txalo eta aurpegiek. Hemezortzi hilabete daramatzate greban, zehazki 234 egun gaur, baina argi dute ez dutela etsiko: «Oso indartsu gaude», azaldu dute; irmo, baina irribarrez. Eta euren aldarrikapenekin segituko dutela nabarmendu dute behin eta berriro: «Ez dugu atzera egingo».

Gainza 1991n hasi zen zahar etxeetan lanean, eta azaldu du anitz okertu direla ordutik lan baldintzak: «Orain bost minutu ere ez dauzkagu haiekin egoteko. Eta horixe da garrantzitsuena: haiei irribarre bat ateratzea». Argi utzi dute euren lana duintasunez egin nahi dutela. «Agureek pena ematen digute. Negozio bilakatu dute haien zaintza. Gure baldintzak duindu nahi ditugu, zaintza hobetu, agureek beste kalitate bat edukitzeko. Merezi dute». Bat egin du Aitziber Aranberrik: «Zerbitzuaren kalitatea bermatzea nahi dugu; arreta hobetzea». Eta, horretarako, euren eskaerei erantzuteko eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, haien esku baitago zahar etxeetako finantzaketaren zatirik handiena: «%90 baino gehiago». Donostiako Emakumeen Etxera joateko deia egin diete arduradunei. «Aurpegia eman dezatela. Badakite non gauden». Euren eskaera nagusien artean dago 2017 eta 2018 urteetako soldata igo diezaietela, baina jakinarazi dute ezezkoa jaso dutela oraingoz diputaziotik. Eta haratago ere joan nahiko lukete: langile kopurua handituta eta zerbitzuen kalitatea hobetuta, bertzeak bertze. Erraterako, janariarena.

Emakume izateagatik

Langileek argi dute genero bazterketa pairatzen ari direla: «Langileen %90 baino gehiago emakumeak gara, baina ez diote baliorik ematen guk egiten dugun zaintza lanari», esan du Gainzak. Horregatik bildu dira Donostiako Emakumeen Etxean. Ez dakite noiz arte luzatuko duten itxialdia, baina argi utzi dute borrokan segituko dutela handik aterata ere.«Guregatik eta hurrengoengatik. Gure borroka denentzat da».

Gipuzkoako zahar etxeetakoak bezala, Bizkaiko etxez etxeko langileak ere greban izan ziren atzo, lan baldintza duinak eskatzeko. Gaur ere segituko dute, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta; eta kalea hartuko dute, Arriagan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.