Koronabirusa. Nazioarteko neurriak

Trumpek ateak itxi dizkie Schengen eremuko herritarrei

Dekretuak ez die eragingo Erresuma Batuari eta Irlandari. Birusari aurre egiteko neurri gogorrak hartzen jarraitzen dute herrialdeek. Txinak iragarri du balitekeela pandemia ekainean amaitzea

Zenbait bidaiari hegazkin batean sartzen, Kalifornian. JOHN G. MABANGLO/ EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Jone Bastida Alzuru
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidenteak mugak itxi dizkie Europako Batasuneko Schengen eremuko 26 herrialdeetako herritarrei. Dekretua gauerdian sartu zen indarrean, eta, oraingoz, 30 egun iraungo du. Horrek, baina, ez die eragingo ez estatubatuarrei, ezta Erresuma Batuari eta Irlandari ere —biak baitaude Schengen eremutik at—. Koronabirusa Europan azkar zabaltzen ari dela argudiatuta eta EBko agintariei «huts egin» izana egotzita hartu ditu neurriok. «Europako herrialdeek ez zituzten AEBek bezalako neurriak hartu. Horren ondorioz, Europatik etorritako bidaiariek eragin dituzte AEBetan izan diren kasuetako asko».

Debekuak AEBetara heldu aurreko hamalau egunetan Schengen eremuan egon den edonori eragingo dio, baldin eta ez badu AEBetako herritartasuna. Neurriak, baina, ez du ondoriorik izango bi eremuen arteko merkataritza harremanetan. Europan ez ezik, Estatu Batuetan ere zabalduz doa COVID-19 gaitza: azken datuen arabera, 1.200 baino gehiago dira gaixotutakoak, eta 37 hildakoak.

Europako Batasunak salatu egin zuen Washingtonen jarrera, eta inorekin kontsultatu gabe «aldebakarreko erabakiak» hartzea egotzi zion Trumpi. Twitterren zabaldutako mezu batean, Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak eta Ursula von der Leyen EB Europako Batzordeko lehendakariak nabarmendu zuten mugek ez dutela birusa geldiarazten, eta Bruselak dagoeneko hartu dituela haren aurkako neurriak. Bestalde, Eric Mamer EBko bozeramaileak azaldu zuen erabaki horrek izan ditzakeen ondorioak aztertuko dituztela erantzun bat eman aurretik: «Politika egokiek hausnarketa eta nazioarteko koordinazioa eskatzen dituzte. Debeku horrek izan ditzakeen eraginak analizatuko ditugu, eta ikusiko dugu zer urrats egin».

Hainbat adituk kritikatu egin zuten gobernuak bidaiariei ezarritako debekua, eta ohartarazi birusak ez dituela bereizten ez mugak ezta nazionalitateak ere. AEBetan, birusak berak baino gehiago, gaixotzeak dakarren gainkostuak kezkatzen ditu herritarrak, ordainpekoak baitira osasun zerbitzuak.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak gaitza pandemiatzat jo eta gutxira heldu zen Trumpen erabakia. Buruzagi estatubatuarra ez da izan neurri gogorrak hartu dituen bakarra.

Besteak beste, Italiako lehen ministro Giuseppe Contek iragarri zuen martxoaren 25era arte itxi egingo dituztela herrialdeko merkataritza gune ia guztiak; janari dendak eta botikak soilik mantenduko dituzte zabalik. Danimarkak ere ikastetxe eta unibertsitateak itxi ditu, eta bide bera hartu du Irlandak. Eslovakiak, berriz, adierazi zuen sarrera debekatuko diela herrialde horretan bizileku iraunkorra ez duten atzerritar guztiei. Gainera, kanpotik datozen herritar denek berrogeialdian egon beharko dute.

Latinoamerika

Ekuadorrek larrialdi egoera ezarri du herrialdean, kutsatzeak mugatzeko helburuz. Lenin Moreno presidenteak iragarri zuen «kasu gehien» dituzten herrialdeetatik heltzen diren herritarrek bi asteko berrogeialdia igaro beharko dutela. Horrez gain, etxetik lan egiteko aholkatu dute agintariek, eta garraio publikoa saihesteko.

Larrialdi egoera ezarri du Ivan Duque Kolonbiako presidenteak ere. Kasu gehiago hauteman dituzte herrialdean —bederatzik dute gaitza oraingozz—, eta birusaren hedapena «gelditzea» da asmoa. Bertan behera gelditu dira, halaber, bostehun pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldi publikoak.

Neurriak hartu ditu Argentinak ere, eta Alberto Fernandez presidenteak iragarri zuen «osasun publikoaren aurkako delitu bat» egitea egotziko dietela berrogeialdiak urratzen dituztenei; Europatik, AEBetatik, Hego Koreatik eta Txinatik herrialdera sartzen direnei ezartzen diete. «Hemen agertutako kasu guztiak atzerritik datoz. Italian lehertu da egoera, baita Espainian ere, eta laster AEBetan gauza bera gertatuko da».

Tedros Adhanom OMEko buruak, berriz, ohartarazi zuen beharrezko larritasuna eman behar zaiola birusaren mehatxuari, eta neurriak hartu eta betetzearen garrantzia azpimarratu zuen: «Pandemia hau kontrolatzea posible da, baina osasun publikoarentzat funtsezkoak diren neurriak alboratzen dituzten herrialdeak arazo handi batean sar daitezke. Arduratuta gaude batzuk ez direlako ari birusa kontrolatzeko beharrezkoa den konpromiso politikoa hartzen».

Txinan gailurra jo du

Mundua hankaz gora jarri du koronabirusak, baina, kaosaren eta izuaren artean, badaude berri onak ere. Izan ere, Txinak jakinarazi du han «gailurra jo» duela gaitzaren kutsatzeak. Nabarmen jaitsi dira kasu berrien hautemateak, eta nolabait kontrolatuta du egoera. Halere, oraingoz prebentzio neurriak mantentzea erabaki dute.

Bestetik, Zhong Nanshan Txinako Gobernuaren mediku aholkulari nagusiak iragarri du balitekeela pandemia ekainean amaitzea. Horretarako, ordea,herrialde guztiak mobilizatzea beharrezkoa dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.