Albistea entzun

Mikel Egibar. Kilometroetako koordinatzailea

«Aurtengo jaia guztiz baldintzatuta egon da»

Urriaren 3an egingo dute Kilometroak jaia, Beasainen, Lazkaon eta Ordizian. Mikel Egibarrek jaiaren konpromisoarekin bat egitera deitu ditu euskal herritarrak: urtean zehar euskara erakartzen jarraitzera.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Oihane Puertas Ramirez -

2021eko urriak 1

Igandean ospatuko dituzte 45. Kilometroak Beasainen, Lazkaon eta Ordizian (Gipuzkoa), eta sorburura itzuliko da Gipuzkoako ikastolen festa, Goierrin egin baitzuten lehenengoz. Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatu dute jaia aurten, Batera, bagara, bat gara lelopean.

Mikel Egibar (Zizurkil, 1963) Kilometroetako koordinatzailearen arabera, koronabirusak «baldintzatu» egin du festa; hala ere, egitaraua ez dute egun bakarrera mugatu, eta irailean zehar zenbait ekitaldi antolatu dituzte.

Nola antolatu dituzue Kilometroak?

Aurtengo jaia guztiz baldintzatua egon da etengabe Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri eta erabakien ondorioz; urte osoan egon gara egokitzen pandemiaren baldintzetara. Gauzak egiteko garaian, aldaketa azkarrak egitea eta gauzak modu oso zurrunean ez finkatzea onartu behar izan dugu.

Zailtasunik izan duzue jaia antolatzeko orduan?

Zailtasunik handiena izan da horrelako jaien inguruan mugitzen den jende kopuru handia kudeatzea. Kontraesanez betetako egoera bat bizi izan dugu: antolatzen genituen gauzak jakinarazi ditugu, eta, era berean, ia-ia jendeari eskatu behar izan diogu ez etortzeko. Nolabaiteko paradoxa izan da. Horrez gain, hiru ikastolen artean eraman dugu antolakuntza guztia, eta beti ez da erraza izan elkarren arteko koordinazioa. Egoera berri batera moldatu behar izan dugu, eta denok batera eraman behar izan dugu aurrera antolakuntza. Hortik ere abiatu da aurtengo leloa: Batera, bagara, bat gara.

Zer mezu zabaldu nahi duzue aurten?

Jai honetan bidali nahi dugun mezua hau da: bat gara, eta denok batera euskaltzaleon komunitatea osatzen dugu, modu ireki eta inklusiboan. Nahiz eta egoera honetan plazak guztiz ez erabili, euskarak kalea eta esparru publikoa behar ditu, eta jaiaren bitartez hori bermatu nahi izan dugu. Ezin izan ditugu plaza guztiak nahi bezala bete, baina jendeari eskatzen diogu konpromiso horrekin jarraitzeko: urtean zehar euskara erabiltzen eta erakartzen jarrai dezatela.

Nolako harrera ari da izaten?

Orain arte antolatu ditugun egitasmo guztiak arrakastatsuak izan dira. Inguruan ditugun aretoen edukiera, gutxi gorabehera, 200 pertsonakoa da, eta kasu guztietan %100ean bete dira. Hortik dator gure frustrazioa: onartu behar dugu jendea kanpoan geldituko dela eta ezingo duela parte hartu. Aurten, beraz, edukiera mugatua izango da, eta parte hartu nahi duenak aurretik izena eman beharko du, Internet bidez.

Nolako Kilometroak izatea espero duzue?

Aurtengoa jai parte hartzailea izango da, eta tailerrak eta jolasak eskainiko ditugu. Ez da izango besterik gabe kontzertuetara joatea edo txosnetan egotea; gauzak egiteko aukera sustatu nahi dugu. Aztertzen ari garen eredu berritik ere badator ideia hori. Egoera ikusita, ez dugu eskainiko ez janaririk, ezta edaririk ere. Goizean antolatuko ditugu Kilometroak, eta ordu bietarako amaituko dira.

Egitaraua pixka bat banatu dugu aurten, eta dagoeneko ari gara hainbat egitasmo egiten. Asteburu honetan, esaterako, bihar zein etzi, euskal joko eta kirolak egongo dira Beasainen, Lazkaon eta Ordizian.

Sorburura itzuliko da jaia.

45. aldia izango da aurtengoa; 1977an egin zen lehenengoa, Beasainen eta Lazkaon. Egia esan, nostalgia eta pena sentitzen dut; beste era batera ospatu nahi genuen lotura historiko hori, nolabaiteko keinua egin nahi genion zirkuitu historikoari. Hori guztia planifikatua eta landua genuen, egoera lehenago samurtuko zela uste genuelako. Zoritxarrez, ez da horrela izan, eta gure nahia eta gogoa pixka bat frustratuta egon dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irabia-Izagaren Izaga egoitza, Cordovillan, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuka bereizten dituzten eskolei

Ion Orzaiz- Irati Urdalleta Lete

Hezkuntza Departamentuaren esanetan, Opus Deiren bi eskolek, Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak, «ez dituzte betetzen itunerako ezaugarriak»
Pilar Alegria Espainiako Hezkuntza ministro eta PSOEko eleduna, atzo egindako agerraldian. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

'Soilik baietz da baietz' legea aldatzea Kongresuan proposatuko du PSOEk

Maite Asensio Lozano

Berdintasun Ministerioak ez du uste moldaketak zigor berrazterketen auzia konponduko duenik
Alberto Perez, Sindikatu Medikoko burua, atzoko agerraldian. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Osasunbidearen eskaintza medikuei: soldata igoera eta 32 paziente egunean

Ion Orzaiz

Nafarroako Gobernuak «asmo handiko eskaintza» egin dio Sindikatu Medikoari, greba eragozteko. Esklusibotasuna kenduko lukete, baina trabak jarrita sare publikoan eta pribatuan aldi berean aritzeari
Donostia ospitaleko zerbitzuburuen protesta bat, abenduan. ©JON URBE / FOKU

Negoziazioa «bideratuta» egon arte protestan segituko dute Donostia ospitalean

Julen Aperribai

Elkarretaratzea egin dute berriro ere. »Kronograma» bat bidali zioten Osakidetzako zuzendaritzari, eta horren erantzuna jaso zain daude

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...