Euskararen estandarizazio prozesua, gogoetekin jasoa

Euskaltzaindiak normatibizazioari buruzko gogoetak jaso ditu. Corpusean eta estatusean egindako «jauzia» nabarmendu dute

Andres Urrutia eta Adolfo Arejita, atzo, liburu aurkezpenean. EUSKALTZAINDIA.
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Azken 50 urteetan euskararen normatibizazioaren eta estandarizazioaren arloan eginiko lana gidaliburu batera eraman du Euskaltzaindiak: Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018. Duela lau urte, euskara batuaren 50. urteurrenaren harira, akademiak biltzarra egin zuen Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), euskara batuaren oinarriak jarri ziren leku berean. Biltzar hartan izan ziren 49 adituk esandakoak jaso dituzte liburuan. Horien artean dira, besteak beste, Beatriz Zabalondo, Manuel Gonzalez, Miren Azkarate, Asier Larrinaga, Irene Arrarats, Xabier Isasi, Elixabete Piñol, Maddi Etxeberria, Joxerra Garzia, Andres Alberdi eta Bernardo Atxagaren gogoetak.

Euskaltzaindiak berak egindako gogoetak ere jaso dituzte. Andres Urrutia euskaltzainburuak gidaliburua aurkezteko agerraldian zehaztu duenez, «corpusari buruzko gogoeta sakona» egin dute, eta Euskaltzaindiak hainbat alorretan egindako «aurrerapenak» azaldu dituzte; hala nola hiztegigintzan, gramatikan, onomastikan eta ahoskeran. Hala ere, «corpusak eta estatusak» lotuta behar dutela esan du Urrutiak, eta alde horretatik izandako lorpenak ere aipatzen direla gaineratu: «Gure hizkuntza administrazio publikoan, hezkuntzan edo itzulpengintzan baliatzeko tresna fina izan da eta da.

Euskara batuak «bere funtzioa bete» duela adierazi du Urrutiak. Hala ere, hizkuntzarena «eten bako prozesua» dela ohartarazi du, eta oraindik badagoela «zer egin». Euskara egungo garaira egokitu beharra dagoela azpimarratu du: «Tokian tokiko errealitate eta moldeak kontuan izan behar ditugu, euskara errealitate berrietara egokitu behar da —digitalizazioa, ikus-entzunezkoen aldaera berriak, adimen artifiziala...—, eta euskalgintzan gabiltzanok baliatu behar dugu batua koordinazio tresna gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.