Migratzaileak hartzeko irizpide batzuk jartzeko eskatu du Jaurlaritzak

Migratzaileen harrerari buruz proposamen bat egin die Jaurlaritzak Europari eta Espainiari. Eskatu du lurralde bakoitzaren egoera aintzat hartuz egiteko banaketa. Migraziorako itun bat sustatuko du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Milaka migratzaile iritsi dira udan Euskal Herrira, Espainia hegoaldetik Europarako bidean. Migratzaile askoren bizileku izan dira egun batzuetan Bilbo, Donostia, Irun eta beste herri batzuk. Instituzioez gain, hainbat gizarte eragile ere antolatu dira pertsona horiei aterpea eta jatekoa emateko. Erakundeen jardunagatik kritikak sortu dira, baliabideak eskasak izan direla eta. Eusko Jaurlaritzak Share izeneko proposamena jarri du mahai gainean; migratzaileen harrera eta integrazioa erregulatu nahi du. Besteak beste, Jaurlaritzak proposatu du irizpide batzuk ezartzea migratzaileak hartzeko: lurralde bakoitzaren egoera zein den, horren araberakoa izatea migratzaile kopurua. Banaketa antolatzea da xedea, Libe Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearen esanetan: «Sistema antolatu eta solidario bat ezartzea da helburu nagusia». Espainiari eta Europari aurkeztuko die proposamen dokumentua.

Harrera sistema antolatzeko proposamen hori atzo aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak. Gobernuko bi taldek landu dute dokumentua: Gizarte Politiketako Sailak, eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzak.

Proposamenaren helburua da «erantzukizunaren banaketa partekatua» egitea, nork bere gaitasunaren araberako migratzaile kopurua hartzea, Jonan Fernandez Bizikidetzako idazkari nagusiaren esanetan. Irizpide hauek kontuan hartzeko eskatu du: zerga bidezko diru sarrerak, biztanleria eta langabezia tasa. Banaketa «zuzena» egin nahi du horrela Europako Batasuneko estatuen, eskualdeen eta udalen artean.

Jaurlaritzaren asmoa da proposamena martxan jartzea errefuxiatuei, erregularizatu gabe dauden migratzaileei eta bakarrik dauden adingabe migratzaileei dagokienez. Erabakiak, ordea, ez daude hartuta. Fernandezek nabarmendu du proposamen irekia dela, eta prest daudela elkarlanean aritzeko. Europako Eskualdeen Batzordean aurkeztuko du Jaurlaritzak Share proposamena, urriaren 9 eta 10ean, Bruselan.

Espainiako Gobernuari eta gizarte eragileei ere proposamenak egin dizkie Jaurlaritzak. Madrilgo gobernuari dagokionez, adibidez, neurri zehatzak eskatuko dizkio asilo eskatzaileen, erregularizatu gabeko migratzaileen eta bakarrik dauden adingabe atzerritarren egoera hobetzeko; besteak beste, jatorrizko herrialdeetako kontsulatuetako baliabideak hobetzeko eskatuko dio, eta bakarrik dauden adingabeen jatorrizko herrialdeekin itunak egitea, horien bidez lanbide haziketa eta lankidetza proiektuak sustatzeko, eta senideengana bueltatzeko programak martxan jartzeko.

Europako Batasunari eta Espainiako Gobernuari bideratutako proposamenak ez ezik, Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako erronkak ere ezarri ditu Jaurlaritzak: Migraziorako Euskal Itun Soziala bultzatu nahi du. «Euskal talde demokratak biltzea da itunaren helburua», Fernandezen esanetan. Diskurtso baztertzaileen aurka jo du: «Elkartasunean eta erantzukizunean oinarritutako harrera eta integrazio pedagogia baten alde, diskurtso xenofoboak eta populistak baztertu beharra dago».

Azken egunetan, gutxiago

Oinarri horiekin, Jaurlaritzak iragarri du neurri gehiago hartuko dituela erregularizatutako immigrazioa bultzatzeko, errefuxiatuei erantzun egokia emateko, erregularizatu gabeko migratzaileei harrera egiteko, eta koordinazioa hobetzeko. Aurreratu du, esate baterako, bakarrik dauden gazteei zuzendutako bi urteko formakuntza saioak eskainiko dituela.

Azken egunetan jaitsi egin da Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara iritsitako migratzaileen kopurua. Nolanahi ere, Gizarte Politiketako sailburuorde Libe Amilibiak jakinarazi du zabalik jarraituko dutela migratzaileentzat egokitutako egoitzek. Beste zentro bat irekitzeko asmoa ere badu Jaurlaritzak: Oñatin (Gipuzkoa) jarriko dute harrera zentro bat, orain artekoetan baino egonaldi luzeagoak egiteko aukerarekin —hiru hilabete egin ahalko dituzte bertan migratzaileek—. Hasieran ehun pertsonarentzako lekua izango du Oñatiko egoitza horrek.

Bertan gelditu nahi duten migratzaileei dagokienez, berriz, Amilibiak azaldu du abian daudela harrera planak; udaletako gizarte zerbitzuak aipatu ditu, eta migratzaileen esku jarritako etxeak. Jaurlaritzaren arabera, migratzaileen %3-5ek geratu nahi dute bertan bizitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.