Ospitalean hil da eutanasia galdegina zuen emakumea

Alzheimerra zuen, eta hiltzen laguntzeko eskatua zuen. Espainiako Kongresura iritsi zen kasua. Gaur emango dituzte xehetasunak

David Lorente semea, amak idatzitako eskaerarekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ospitalean hil da Maribel Tellaetxe, eutanasia bidez hiltzen laguntzea galdegin zuen andrea. Alzheimerra zuen, eta eskaera hori egina zien senideei. Atzo arratsaldean hil zen, Santurtziko San Juan de Dios erietxean (Bizkaia); zaintza aringarrien unitatean zegoen. Senideek berretsi dute heriotza, ohar labur batean, bestelako xehetasunik eman gabe. Gaur prentsaurreko batera deitu dute Portugaleteko Udaletxean. Jakinarazi dute agerraldi horren ostean hiru eguneko dolua egingo dutela, eta, ondoren, jarraituko dutela eutanasia legeztatzearen aldeko «borrokarekin». Salatu dute haiek eta haien ama «bidegabekeria anker baten biktima» izan direla.

Duela hamabi urte diagnostikatu zioten alzheimerra Tellaetxeri, eta oso garatua zuen. Aurretik, buruaren jabe zenean, idatzia utzi zuen ez zuela nahi kontzientzia guztiz galtzean bizitzen jarraitzea; familiakoei idatzita utzi zien eskari hori, modu informalean, eta aurretiazko borondateen agiriaren bidez, era formalean. Oraindik, ordea, Espainiako Estatuak eutanasia legez kanpoko jardueratzat du: delitutzat.

Hilabeteak eman ditu Lorente-Tellaetxe familiak hautu hori legezko bihurtzeko aldarrikatzen eta amarentzat eskatzen. Portugaleten hasi zuten kanpaina, beren herrian, eta oihartzun handia lortu zuten. Hango udalak eutanasiaren despenalizazioaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen.Eta Espainiako Kongresuan ereizan ziren, eskaeraren alde batu zituzten sinadurak —280.000 inguru— aurkezten. Kanpaina hori egin zuten aurrez ere aldarri berabultzatzen aritu zen beste familia batekin, Luis de Marcos Vera zenaren hurkoekin. Esklerosia zuen gizon bat zen, oinaze handiak pairatu behar izan zituen; 2017ko abuztuan hil zen.

Bi familiekin batera han izan zen Marcos Ariel Hourmman medikua ere, Espainian eri terminal bati eutanasia aplikatzeagatik zigortutako lehen sendagilea. Bilerak egin zituzten alderdiekin, eta horren emaitza izan zen Zigor Kodearen 143.3 artikulua —eutanasia zigortzen du— indargabetzeko PSOEk eginiko proposamena. Aurka bozkatu zuten PPk eta UPNk, eta Ciudadanos abstenitu egin zen. Tramitazioa blokeatu egin zuten, eta,bozak direla-eta gorteak deseginda daudenez, egitasmoak ez du aurrera egin legealdi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.