Euskara boteretzeko gazteak

Euskararen erabilera baldintzatzen duten faktoreak aztertuko dituzte Gaztealdia ariketan. Euskal Herriko bederatzi gazte euskara hutsean arituko dira zortzi egunez

Gaztealdiko parte hartzaileetako bat. GAZTEALDIA.
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Bederatzi gazte, zortzi egunez, euskara hutsean. Horretan datza Gaztealdiak. Gaur hasiko da, azaroaren 12an, eta Euskaraz biziko gara lelopean, azaroaren 19ra arte euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko dute parte hartzaileek. Hainbat herritako eta unibertsitateko euskara taldeek antolatuta, Euskal Herriko eremu geografiko eta soziolinguistiko anitzetako gazteak batu dira, euskararen erabilera baldintzatzen duten faktoreak aztertzeko eta ikusarazteko asmoz. Helburu hauxe baitute: gazteek euskaraz bizitzeko aukera izatea.

Baina, haien ustez, hori ez dago hiztunen esku soilik. Egitasmoa antolatu dutenek antzemana zuten euskalgintzak galdua duela gazteen artean euskara sustatzeko zuen hauspoa, eta argudiatu dute erakundeek sustatutako hizkuntza politikek ezagutza bultzatzen dutela erabilera baino gehiago. Erabileraren hazkunderako «botereguneak» sortu behar direla uste dute: euskararen aldeko hautua egiteko, horretarako aukerak egon behar direla. «Nola eskatuko diogu estres linguistikoa duen pertsona bati lasai asko egiteko euskaraz, pertsona horrek ez badu baliabiderik izan gaitasun horiek lantzeko?», diote antolatzaileek. Euskararen aldeko hautua egiteko baldintzak errotik aldatu behar direla adierazi dute.

Horiek horrela, Iruñea, Tutera (Nafarroa), Lasarte-Oria (Gipuzkoa), Sodupe, Plentzia, Zornotza, Bilbo (Bizkaia), Donibane Lohizune (Lapurdi) eta Urepeleko (Nafarroa Behera) bederatzi gaztek hartuko dute parte ikerketa horretan. Eremu horien hautaketa ez da guztiz ausazkoa izan, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren osotasuna ordezkatu nahi baitute. Hala ere, hautaketa ez da izan «zorrotza», ez baitago herrialde guztietako ordezkaritzarik; Arabak, esaterako, ez du partaiderik. Dena den, arabarrik ez badago ere, Gasteizen bizi diren bi kidek hartuko dute parte; Donostian ere badago kide bizkaitarretako bat.

Ariketarako, Lutxo Egia idazleak 2015ean egindako Trantsitoak performancea dute oinarri. Orduko hartan, zortzi astez aritu zen Bilbon euskaraz Egia, gaztelerarik erabili gabe. Oraingoan, zortzi egun izango dira, baina helburuak bertsuak izango dituzte.

Euskaraldia, ate joka

Ikerketaren izenak eta egiteko aukeratu duten garaiak Euskaraldia dakar gogora datorren astean hasiko da Euskaraldia, hain zuzen. Gaztealdiko kideek argi utzi nahi izan dute beraien ikerketa ez dela Euskaraldiaren gazteen bertsio bat, baizik eta aspalditik buruan zuten prozesu bat. Pandemiaren aurretik ere, Euskal Herriko gazte euskaltzaleak sarean antolatzeko asmoa bazutela azpimarratu dute. Dena dela, Euskaraldiak sortzen duen «giro euskaltzale horretan» beren ekarpena egiteko aukera baliatuko dutela adierazi dute, batez ere gazteen ikuspuntua emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.