Larunbat arratsaldera arte iraungo du bero sapak

Araba erdialdean eta hegoaldean egingo du bero handiena. Onintze Salazar meteorologoaren arabera, hainbesteko beroa «ez da ohikoa»

Termometro bat, 38 gradu dituela, artxiboko irudi batean. R. A. / EFE.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Datozen egunetarako iragarri dituzten tenperatura beroak direla eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du ostegunera arte. Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoaren arabera, printzipioz larunbat arratsaldera arte iraungo du beroak, eta, «ziurrenik», abisua luzatu eta laranjara aldatuko dute. Meteorologoaren arabera, giro sargoria izango da nagusi egun hauetan, eta baliteke ekaitzak jotzea ere. «Ez da ohikoa egoera hau ekainaren erdialdean izatea», adierazi du.

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, Araba erdialdean eta hegoaldean egingo du bero handiena: larunbatera arte, 35 eta 40 gradu artekoak izango dira tenperaturarik beroenak, iragarri dutenez. Bizkaianeta Gipuzkoan, berriz, kostaldea eta barnealdea bereizi behar direla nabarmendu du Salazarrek: «Kostaldean ez dugu espero hainbeste berotzea. 28 eta 30 gradu artean ibiliko ginateke». Izan ere, kostaldean brisa sartuko da egunero, eguerdi aldera.

Barnealdean, ordea, «gorabehera txikiekin», baina, orokorrean, espero dute tenperatura 35 gradu ingurura iristea. Meteorologoaren arabera, baliteke bihar eta etzi izatea berorik handiena: «Hor 36-38 gradu izango ditugu».

Nafarroan ere gogor jo du beroak: alerta gorria ezarri dute Erriberan, eta larunbatera arte «tenperatura beroak» izango direla ohartarazi diete herritarrei. Krisi batzorde bat ere eratu dute, prebentzio neurriak ahalik eta azkarren martxan jartzeko.

Beroari nola aurre egin

Beroari aurre egiteko, ondo hidratatzea gomendatu du Salazarrek, eta, horretarako, ura edatea eta fruta eta barazkiak jatea. Adin txikikoak eta helduak babesten saiatzeko ere eskatu du, haiek izan daitezkeelako zaurgarrienetakoak halako bero boladetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.