Nafarroak lanpostu gehiago proposatu ditu osasun arlorako

Lanpostu estrategikoak sustatzea eta lan zama murriztea planteatu du. Profesionalek gehienez 35 kontsulta egiten ahalko dituzte

Lehen Arreta indartzeko zenbait neurri planteatu ditu Nafarroako Osasun Departamentuak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Langileen plantilla indartzea, lanpostu estrategikoak sustatzea, eta gehiegizko lan zama murriztea: horiek dira, bertzeak bertze, Nafarroako Osasun Departamentuak planteatu dituen neurriak Lehen Arreta hobetzeko. Proposamen horiek osasun arloko langileek otsailerako aurreikusiak dituzten greben atarian egin ditu Osasun Departamentuak, bi aldeen arteko elkarrizketa hobetzeko. Betiere, neurri horiek herritarrengan izan ditzaketen onurak kontuan hartuz.

Plantillari dagokionez, aldaketa hauek planteatu dituzte: urteko lehenbiziko hiruhilekoan erizaintza arloko 44 profesional hasiko dira lanean modu gradualean, psikologia arloan hamabi pertsona gehituko dituzte lantaldera, eta fisioterapian, berriz, sei. Errefortzu horiek hainbat bidetatik eginen direla dio departamentuak, lan eskaintza publikoaren bidez, erraterako. «Lehen Mailako Arretako plantilla finkatzearen aldeko apustua 2023ko aurrekontuetan islatzen da. Aurrekontu horietan, langile gastua Osasuneko aurrekontu guztien % 24,4 da», azaldu du Nafarroako Gobernuak.

Azaldu dute postu estrategikoak sustatzeak onurak izanen lituzkeela alor anitzetan: ekonomikoan, ikerketan eta irakaskuntzan. Hala, bertzeak bertze, mediku egoiliarren tutore lanetan aritzen direnen lanpostuak sustatzea erabaki dute: 240 postu egonen dira.

Lan zama murrizteko, berriz, prozesu burokratikoak ahal bezainbertze arintzeko lanetan ari dira. Aztergai dituzte, adibidez, bajak nork kudeatzen dituen, zenbait laguntza mailaren arteko harremanak nola koordinatzen diren, eta osasun arloko administrazioak zer rol duen.

Antolaketan, autonomia

Ordutegiak, lantaldea eta lan zama direla medio, sail bakoitzak modu desberdinean egiten du lan. Hala ere, antolaketa bertsua eduki behar izan dute orain arte. Planteatutako neurrien artean, baina, antolaketan sail bakoitzak autonomia handiagoa izatea aurreikusten da.

Erabaki da profesionalek hamabi minutuko kontsultak egin beharko dituztela, eta 30-35 bitarte egun guztian —aurrez aurreko arreta, deiak eta etxez etxeko bisitak kontuan izanik—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.