Lurzaindiak kolokan jarri du Bidarraiko lur salmenta

Saltzaileak Lurzaindiarekin eta Bidarraiko Herriko Etxearekin adostasunik lortu ezean salmentatik erretiratzera engaiatu da notarioa

Ameztoi, Aramendi eta Antxordoki, notarioaren bulego aitzinean. PATXI BELZAIZ.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Bidarraiko (Nafarroa Beherea) lur batzuen salmenta kudeatu duen notarioa aferatik aterako da baldin eta saltzaileak ez badu adostasunik lortzen ELBrekin, Lurzaindiarekin eta herriko etxearekin. Hiru eragile horiek gutun bat idatzi dute elkarrekin, eta bilkura bat egiteko eskatu diete saltzaileari, erosleari eta agentziari. Heldu den asterako izatea espero dute. Dominique Ameztoi Lurzaindiko bozeramailea pozik agertu da lortutakoarekin, eta Bidarraiko Herriko Etxearen eta hautetsien babesa eskertu du: «Denen artean lortuko dugu».

Dozenaka lagun bildu dira Baionan, Bidarraiko lurren salmenta espekulatiboa salatzeko. 90.000 euroan saldu nahi dituzte laborantza lurren hamazazpi hektarea. Baina ELBk eta Lurzaindiak erosleari eta saltzaileari leporatu diete «jukutria bat» egitea horretarako. Izan ere, salmentaren ondotik jabetza soila baizik ez luke eskuratuko erosleak, lurren gozamenik gabe. Salatu dutenez, gisa horretara, lehentasunez erosteko eskubidea erabiltzea «eragotziko» diote Safer laborantza lurrak kudeatzeko egiturari.

Salmenta kudeatzen ari den notarioak Baionan duen bulegora sartu ziren atzo ELBk, Lurzaindiak eta Ostia kolektiboak deituta. Frantziako Poliziak bidea eten nahi izan zien manifestariei, baina Ameztoi eta Martin Lemaire ELBko laboraria bulegoetaraino iritsi ziren, hala ere. Manifestariek egoitza inguratu, eta espekulazioaren kontrako oihuak egin zituzten, bilkurarik lortu arte handik mugituko ez zirela erranez. Ordezkaritza bat errezibitzea onartu du notarioak: Ameztoirekin batera, ELBko Martin Lemaire eta Frantxoa Mocho, Jean Michel Antxordoki Bidarraiko auzapeza, Alain Dubois Makeakoa eta Filipe Aramendi Urruñakoa. Ordu baten buruan atera ziren notarioaren bulegotik, denen artean idatzi gutuna eskuetan zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.