Gipuzkoak 869 toki gehiago izango ditu zerbitzu sozialetan erabiltzaileentzat

2018-2021eko eperako Gizarte Zerbitzuen Mapa berritu du aldundiak; 75,5 milioiko inbertsioa aurreikusi du, eta 1.886 lanpostu sortzea
Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikakoa, atzo.
Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikakoa, atzo. BERRIA

Jokin Sagarzazu -

2018ko abenduak 5
Gipuzkoako Foru Aldundiak 869 leku berri sortuko ditu datozen lau urteetan bere eskumeneko gizarte zentro, egoitza eta eguneko zerbitzuetan: 446, mendekotasun egoeran daudenentzat; 155, desgaitasunen bat dutenen arretarako; 118, buruko gaixotasunak dituztenentzat; 100, gizarteratze arazoak dituzten helduentzat eta indarkeria matxistaren biktimentzat; eta 50, babesik gabe dauden adingabeentzat. Horrek guztiak 75,5 milioi euroko kostua izango luke, eta, lau urtean, 1.886 lanpostu sortzea aurreikusten du aldundiak.

2018-2021eko eperako Gizarte Zerbitzuen Mapan jaso dituzte asmo horiek; prentsaren aurrean aurkeztu dituzte Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikakoak. Esan dutenez, mapa berri horren bitartez, foru gobernuak bete egingo du EAEko Gizarte Zerbitzuen Legea. Azpimarratu dute inbertsio horien helburua dela «bizitza duin bat eskaintzea gizarteko sektore ahulenei», eta uste dute baliabide berriekin xede horretara gerturatuko direla.

Arloz arlo egin asmo dituzten «hobekuntzak» azaldu ditu diputatu nagusiak. Mendekotasunean, Pasaiako Adinberri zentroa martxan jartzea —zahartzearen eta mendekotasunaren Gipuzkoako «erreferentziazko zentroa» izan nahi duena—, egoitza berri bat sortzea Irungo Arbes auzoan, eta Lasarte-Oriakoa handitzea.

Eremu soziosanitarioan, Olanok iragarri du egoitza unitate berri bat sortuko dutela, eta lau laguntza etxebizitza zabalduko dituztela alor horretan «defizitarioen» diren eskualdeetan. Desgaitasunean, leku kopurua handituko dutela esan du, «zahartzearen eraginari aurre egiteko».

Gizarte inklusioari dagokionez, asmoa agertu du Behe Bidasoan eguneko zentro bat zabaltzeko, eta zerbitzu soziosanitario bat Donostian. Babesik gabeko adingabeen kasuan, Olanok azaldu du emantzipazio programak «indartuko» dituztela.

Gizarte zaharkitua

SIIS dokumentazio eta azterketa zentroak eginiko diagnosi batean oinarritu ditu erabaki horiek aldundiak. Ikerketa horren emaitzak xehatu ditu Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak. Oro har, txostenean azpimarratzen da bazterketa egoeran daudenentzako baliabide eskaerak «asko» handituko direla datozen urteetan, «bereziki egoera kronifikatuan dauden pertsonen arretarengatik». Peñak azaldu duenez, hurrengo lau urteetan Gipuzkoan 80 urtetik gorako herritar kopurua egonkortu egingo da, 1936ko gerrako urteetan eta ondoren izandako jaiotza tasa txikiarengatik eta bizitza itxaropenaren handitzeagatik; hala, «igoera moderatu» bat aurreikusten dute (% 2,7) mendekotasun egoeran daudenen kopuruan.

Desgaitasunak dituztenen kasuan, halaber, etxebizitzetatik egoitza zerbitzuetara mugitzeko joera nagusituko da, «familia babesa murriztu egingo baita». Eta adingabe atzerritarren kasuan, berriz, azterketak dio «epe motzean» handitu daitekeela migratzaile gazteen kopurua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna