Martxoaren 8ari begira. Pentsioak. Arantza Iturrarte. Onekako kidea

«Miseriak emakume pentsiodunen aurpegia du»

Emakumeen pentsioak gizonenak baino nabarmen baxuagoak dira, batez ere ez delako kontuan hartzen zaintzaren alorrean egindako lana. Hori aldarrikatuko dute biharko greban.

Maite Asensio Lozano.
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Mugimendu feministak biharko deitu duen grebarekin bat egin du Onekak, Euskal Emakume Pentsionisten Plataformak. Izan ere, pentsioen inguruan azken hilabeteetan izandako mobilizazio jendetsuek hauspotuta, greba feministak beste ardatz bat erantsi dio aurten deialdiari: pentsioen alorrean ere protesta egingo dute, emakume edadetuen «egiturazko diskriminazioa» salatzeko. Berdintasuna «bizitzako eremu guztietan» borrokatu behar dela berretsi du Arantza Iturrartek (Leitza, Nafarroa, 1956).

Aurten pentsioen alorrean ere greba egitera deitu dute. Zer lotura du feminismoak pentsioen auziarekin?

Onekaren helburua da andre helduen eta pentsiodunen egoera hobetzea eta duintzea. Gizonekin batera hasi ginen mobilizatzen, baina ohartu ginen gizonen eta emakumeen egoera desberdina dela oro har: andreok prekaritate handiagoa dugu lan munduan, soldata arrakalan antzematen da, eta azkenean pentsioetan ere eragiten du. Beraz, gure borrokak lotura handia du mugimendu feministaren aldarrikapenekin.

Zer eskakizun zehatz dituzue emakume pentsiodunek?

Batez ere, emakumeok egiten dugun lana baloratzea, bai lan merkatuan, bai kanpoan. Lan hori kontuan ez hartzeak baitakar gure pentsioa gizonena baino %45 inguru txikiagoa izatea. Zaintza lan asko egiten ditugu, eta ez bakarrik lan munduan gaudenean; erretiroa hartu eta gero ere zaintzen ditugu gurasoak, bilobak... Eta guk egiten dugun zaintza lan horien bitartez, erakunde publikoek baliabideak aurrezten dituzte.

Beraz, pentsioen arteko arrakala ulertzeko grebaren beste bi ardatzetara jo behar da: zaintza eta enplegua.

Bai. Seme-alabak izan ditugunean, normalean emakumeok hartu ditugu baimenak eta halakoak. Egoera horrek behartzen gaitu gutxiago kotizatzera, eta, beraz, erretirora iristean, gutxiago kobratzen dugu. Baina, gainera, badaude beti zaintzen aritu direnak, lan merkatura sartu gabe, eta horiek daude larrien: bizitza osoa besteengatik lanean, eta ez diete onartzen egindako horren balioa; ailegatzen dira erretirora, eta gutxienekoa kobratzen dute, bizitzeko adina ere ez die ematen. Guk aldarrikatzen dugu guztiek edukitzea gutxienez 1.080 euroko pentsioa.

Zer neurritan bizi dira emakume asko alargun pentsioen mende?

Emakume pentsiodunen %60 inguru dira alargunak: lan merkatuan ibili direnek badute zerbait, baina etxetik kanpo lanik egin ez dutenak miserian gelditzen dira. Horientzat aldarrikatzen dugu gutxieneko pentsioa: duintasuna.

65 urtetik aurrera bakarrik bizi direnen %75 emakumeak dira. Zer baldintzatan?

Emakumeek bizi itxaropen luzeagoa dugu, eta, zahartzarora ailegatzerako, zaindu ditugu seme-alabak, gurasoak, senarrak eta anai-arrebak; baina horren ondoren, askori geratzen zaie pentsio ziztrin bat, eta bizi dira bakarrik eta baldintza txarretan. Ez da inor haietaz arduratzen: ez seniderik, ez erakunderik, ez langilerik, sarri ez baitaukate zaintzaile bati pagatzeko dirurik. Instituzio publikoek zaintza bat bermatu beharko lieke andre horiei.

Pobreziaren feminizazioaz aritzean, adinekoak ahulago zaudete, ezta?

Askotan esaten dugu: pobreziak emakumeen aurpegia dauka, eta miseriak, pentsiodunena.

Onekak nabarmendu izan du andreek indarkeria jasaten duzuela zahartzaroan ere. Nolakoa?

Ez da bortizkeria sexistatzat hartzen; etxeko indarkeria kontzeptuaren atzean ezkutatzen da, erasotzaileak ez direlako bakarrik senarrak, baizik baita semeak edo anaiak ere. Baina iaz bi emakume edadetu hil zituzten emakume izateagatik. Eta gogoeta egin beharko genuke zer neurritan den indarkeria bakarrik bizi diren adineko andreak ez zaintzea.

Nola egingo duzue greba emakume pentsiodunek?

Emakume guztiek bezala: kalera aterako gara, eta zaintza lanetan ere planto egingo dugu. Ikusarazi nahi dugu adin guztietako emakumeak ari garela berdintasuna aldarrikatzen, eta agerian utzi nahi dugu lan merkatutik kanpo egon arren guk ere ekarpena egiten diogula gizarteari. Ilusio handiz gaude borroka honetan: hasi berriak gara, baina konturatu gara emakumeok lan egin behar dugula gure eskubideen alde.

Espero duzue greba feministaren bidez gazteak zuen borrokara erakartzea?

Uste dut horretarako balioko duela. Gure asmoa da gazteei adieraztea haien etorkizuna ere jokoan dagoela; gu lanean ari gara haiek jasan behar ez izateko gu jasaten ari garena. Martxoaren 8tik aurrera, lan munduan dauden emakumeek kontzientzia hartzea nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.