Aitor Elexpuru. Berako alkatea

«Bertze kapitulu bat da N-121-A errepidearen historia ilunean»

N-121-A errepideko Gipuzkoako zatia itxi egin zuten irailaren 21ean, eta, ordutik, kezkatuta daude Bortzirietako alkateak. Soluzioak eskatu dituzte, «ezbeharren bat gertatu aurretik».

IÑIGO URIZ / @FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Bera
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Aitor Elexpuruk (Markina-Xemein, Bizkaia, 1971) ongi ezagutzen du N-121-A errepidea: Berako alkatea da (Nafarroa), eta herri horrexetan daude errepideko puntu beltzetako batzuk —horietako batean egin dio erretratua argazkilariak—. Bortzirietako bertze alkateekin batera adierazpen bat kaleratu zuen joan den astean, kexu, Gipuzkoako zatia itxi dutela eta. Kezkatuta daude berriro.

Bortzirietako alkateek adierazpen bat egin duzue. Zergatik?

Irailaren 21ean itxi zuten N-121-A errepideko Gipuzkoako zatia: ohiko mantentze lanak egiten ari ziren, eta matxuraren bat aurkitu zuten zubietan. Bat-batean itxi, eta bide zaharretik bidali gintuzten, GI-3455tik. Hasieran pentsatu genuen moldatuko zituztela zubiak, baina abendura arte luzatuko dira lanak, eta jendea kexaka hasi zitzaigun.

Nafarroako Gobernuari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali diozue. Zer eskatzen diezue?

Neurriak har ditzatela. Belateko tuneletan lanak egin zirenean, trafiko astuna A-15etik desbideratu zuten, matrikulen arabera: hori egitea nahi genuke. Seinalizazioa adierazgarriago jartzea ere bai, eta argiztapena: gauez itsusi dago. Eguraldi txarra hasi denean, sustoak eta eskapadak izan dira. Udalean baditugu bi langile Irun eta Hondarribikoak, eta ordubeteko bidaiak egiten dituzte. Behobian dena kolapsatzen da...

«Ezbehar bat gertatu aurretik», diozue. Beldur da jendea?

Bai, bai, beldurra dugu: benetakoa. Irailaren 21ean itxi zuten; urrian gaude, eta jende pila etorri zaigu kexaka.

Nolakoa da errepide zaharra?

Errepidea baino gehiago, dagoen trafikoa da arazoa: 10.000 ibilgailu pasatzen dira egunero, eta horietatik 3.500 edo 4.000 kamioiak dira. 2002an 1.000 kamioi pasatzen ziren hortik, eta orain, 4.000, pentsa! Eta errepideak ez du trafiko hori irensteko aski baldintzarik: estua da, eta toki batzuetan kamioiek larri gurutzatzen dute elkar. Jende anitz kexatzen da kamioiak kontrako norabidean sartzen direlako. Eta kamioien abiadura: argiak, bozinak... Orain bizikletak debekatu dituzte, ze hori ere bazen: bizikletak! Txirrindulari anitz ibiltzen da. Ba, pentsa: bizikletak, kamioiak... Gipuzkoako zatia ixtea bertze kapitulu bat da errepide honen historia ilunean.

Erantzun dizuete Nafarroako eta Gipuzkoako agintariek?

Ez dugu erantzunik jaso oraingoz. Justu eskutitza bidali genuenean istripu bat gertatu zen, eta hildako bat...

Ez da haiengana zoazten lehen aldia. Zergatik ez dizuete erantzun?

Ez da denbora anitz pasa; espero dugu kasu eginen digutela. Nafarroako Gobernuarekin solasean ari gara, eta kezka badago: istripu kopuruagatik, heriotza kopuruagatik... Orain arte zergatik ez diguten kasu egin? Bertze interes batzuk egon dira: mendialdeko biztanleak bigarren mailakotzat hartu izan gaituzte. Aurreko legealdian eta oraingoan ari gara solasean. Haien proposamena 2+1 da, Belateko tunelak bikoiztuko dira, Olaben eginen da saihesbidea, Arraitzen ere bai... Guk eskatzen dugu Sunbillako eta Berako puntu beltzak ere har ditzatela kontuan: herri sarrera eta irteerak hagitz gaizki daude, eta hildako kopuru handiena hemen egon da: lehenetsi dezatela hori. Inpresioa dugu hasi direla Ezkabatik hona,Iruñetik goiti. Baina moldaketa horiek egiteko ere dirua behar da. Guk nahiko genuke trantsituko trafiko astuna hemendik ateratzea, A-15etik desbideratuta. Hori eginez gero, ez litzateke beharrezkoa Belateko tunelak handitzea. Baina dagoen mamua da autobide bat egin nahi dutela azkenean. Gure ustez ez da behar: horretarako egin zen A-15a.

Salatu duzue eskualdeko herritarrek ez dutela bertze errepiderik mugitzeko.

Ospitalera joateko, lanera, erosketak edo dena delakoa egiteko... Harreman anitz dugu Gipuzkoarekin. Ez dugu bertze biderik, ez bagara mendiz joaten edo... Errepide hau ez dugu eskiatzera joateko erabiltzen; ez dugu bertzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.