Landa eremuko andreen lana sustatzea eskatu dute

Landa eremua emakumeen «bizitoki», «lantoki» eta «borrokagune» izatea proposatu du EH Bilduk. Feminismoz lan egiteko eskatu du

EH Bilduko Emakumeen Guneko kideen agerraldia, atzo, Gasteizen. R.B / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta EH Bilduko Emakumeen Guneko kideek data hori baliatu zuten emakume nekazarien enplegua defendatzeko. Emakumeen Guneko kideek bilera egin zuten Gasteizen, eta aztergai izan zituzten emakume nekazarien beharrak. Bileraren ostean egindako agerraldian, Eva Lopez de Arroiabe Arabako ahaldungai nagusiak eskatu zuen neurriak hartzeko landa eremuko emakumeen lana babeste aldera.

Hiru norabidetan galdegin zituen neurriak. Alde batetik, landa eremua «bizitoki» izatea aldarrikatu zuen: «Hiriak gainpopulatzen ari diren eta landa eremua husten ari den honetan, ezinbestekoa da gure herriak bizirik mantentzea, eta hor ezinbestekoa da emakumeen rola. Instituzioek zerbitzuekin hornitu behar dituzte». Bestetik, landa eremua «lantoki» izatea ahalbidetzeko politikak eskatu zituen. Lopez de Arroiaberen ustez, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren «bihotza» dira landa eremuak, eta emakumeek lan handia egiten dute «gertuko eta eskala txikiagoko proiektuetan» eta elikadura burujabetzaren bidean. «Makroindustriaren ereduaren aurrean, kalitatezko lanaren eta produktuen alde egin behar da».

Beste ardatz bat ere aipatu zuen EH Bilduren hautagaiak: landa eremua «borrokagune» izatea. Lopez de Arroiabaren iritziz, landa eremuak borroka feministaren espazioak ere badira, emakumeak lurraren jabetzan modu «desorekatuan» daudelako eta «ikusezintasunari» aurre egin behar diotelako.

Arabako hautagaiaren ustez, aurrera egiteko, «feminismoaren tresnek eta proposamenek» lanabes izan behar dute landa eremuko emakumeak erdigunean jartzeko. Era berean, azaroaren 12rako EH Bilduk Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin zien feministei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.