Enpresa ituna idazten

Akordiorako oinarria lortu berri dute klinikako langileek zuzendaritzarekin, eta mobilizazio aldi bat amaitu dute. Ontzat lukete zentroa publiko egitea, lanpostuak errespetatuta.

arantxa iraola
Tolosa
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Abenduan greba eta mobilizazio aldi bat hasi zuten Asuncion klinikako langileek; enpresa ituna negoziatu ezinik zebiltzala esan zuten, eta zuzendaritzak ez zuela batere errazten bidea. Hain justu, 2013tik zebiltzan prozesuan, arazo askorekin. «Enpresaren jarrera tamalgarria izan da», azaldu du ELA sindikatuko ordezkari Alazne Mantxolak. Maiatzaren 14an, ordea, jakin zen ahozko akordio bat izenpetu zutela enpresarekin, eta protesta ekintzak bertan behera laga zituztela. Hain justu, oinarrirako akordio bat hitzartua dutela onartu du Mantxolak. Plazaratu zituzten eskakizunik garrantzitsuenak erdiesteko oinarriak ipinita daudela adierazi du. «Lortu dugu eroste ahalmena galtzen ez jarraitzea, 40 orduko lan murrizketa datozen lau urteotan garatzeko, ituna lan erreformatik babestea...».

Aurreakordioan hitzartutakoak oinarri, enpresa ituna idaztenari dira orain. «Guri iruditzen zaigu orain erronkarik handiena dela behin hitzarmena sinatutahori betearaztea, eta gertatzen ari diren irregulartasunei aurre egiteko borrokan jarraitzea». Esan duenez, irregulartasun horiek daude bereziki lotuta klinikako lantaldeen egonkortasun faltarekin: langile askok alde egiten dutela esan du, eta horrek arazoak sorrarazten dituela.

Marra gorri bat ipinita

Publifikazioa. Usu ageri da hitza klinikari buruzko aldarrietan, askoren ustez hori bailitzake egun dituen arazoei konponbidea emateko giltza. «Hori prozesu luze bat izango litzateke», adierazi du Mantxolak. Eta, sindikatu gisara, marra gorri bat ipiniko luketela gogorarazi du: «Egungo langileen lanpostuak errespetatzea. Guk beti esan dugu: publifikazioa bai, baina gaur egungo langileei bermeak emanda. Urte hauetan guztietan egin badute lan administrazio publikoarentzat, bada, iruditzen zaigu hori kontuan hartu behar dela». EH Bilduk gaiari buruz plazaratu berri duen agirian onartzen da langileena litzatekeela publifikazioaren «erpinik zailenetako bat», taxuz aztertu beharrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.