Droga gaindosi baten ondorioz hil da 28 urteko preso bat Zaballan

Urtarrilaren 17an hil zen, eta Salhaketak azaldu du kartzelak ez zuela neurririk hartu. Protesta egingo dute bihar, espetxeko heriotzen aurka

Zaballako modulu bateko korridorea. Artxiboko irudia. JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Gizon bat hil zen urtarrilaren 17ko goizaldean Zaballako espetxean (Araba). 28 urte zituen, eta Bizkaikoa zen. Kartzelako ordezkariek familiari jakinarazi ziotenez, droga gaindosi baten ondorioz hil zen. Areago, Salhaketa elkarteak azaldu du gaztearekin ziegan zegoen presoak ere gaindosia izan zuela; bizirik dago hura. Heriotza saihesteko aukera izan zuten Arabako espetxeko arduradunek, Silvia Encina Salhaketako abokatuak ohartarazi duenez: «Susmoa zegoen ziegako kideak droga jaso zuela egun horretan, eta, halako egoeretan, neurri bereziak har daitezke: gauerdian zenbaketa bat egitea, susmopean dagoen presoa beste ziega batera mugitzea...». Ez zuten halakorik egin, eta gauean hil zen presoa.

Cesar Manzanos Salhaketako kideak nabarmendu du espetxe barruan gertatzen diren heriotzak ez direla naturalak: ez droga gaindosiak, ez suizidioak. «Heriotza zigorraren estalpeko aplikazioak dira; bai baitaude horiek saihesteko mekanismoak, eta ez baitute funtzionatzen». Areago, Salhaketak ohartarazi du hilaren 17ko heriotza horrek agerian uzten duela «espetxe barruko heriotzak isilarazteko politika sistematiko bat» dagoela martxan. Manzanosek gogora ekarri du orain zenbait urte Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak ematen zuela kartzelako heriotzen berri, hildako presoaren «oinarrizko datuekin», baina orain urte batzuk utzi ziotela informazioa emateari.

Espetxe barruan gertatzen diren heriotzak «isilarazteko protokoloa» du zuzendaritzak, Manzanosen esanetan. Haren arabera, azken urteetan heriotzen %10 ere ez ditu jakinarazi Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak. Elkarteak gaineratu duenez, heriotzak «isilarazi» ez ezik, familiei informazio oso urria ematen diete kartzeletako arduradunek. «Ez diete informaziorik ematen familiek dituzten eskubideei buruz, heriotzak erantzulerik ote duen argitzeko eskubideari buruz». Neurriak eskatu ditu Salhaketak; besteak beste, fiskalak ofizioz ikerketa zabaltzea kartzelan gertatzen diren heriotzen inguruan.

Espetxe barruko «inpunitatea» salatzeko helburuarekin, elkarretaratze bat egingo du bihar Salhaketa elkarteak Gasteizen; 12:00etan bilduko dira Espainiako Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.