Euskara lurralde antolaketatik at dagoela berretsi du Jaurlaritzak

Uemaren alegazioak atzera bota ditu, esanez lurraldea antolatzeko gidalerroak ezin direla «hizkuntzarekin lotutako eremuetan» sartu
Uemako kartel bat, Zarautzen.
Uemako kartel bat, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU

Jon Rejado -

2019ko otsailak 5
Gero eta gutxiago falta da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde antolaketarako gidalerroak onartzeko. Tresna horren bidez, hiru herrialdeetako lurren erabilera zehaztuko dute etorkizuneko eredu ekonomiko, ekologiko eta soziala garatzeko. Gidalerroetan honako gai hauek hartuko dituzte aintzat: genero ikuspuntua, klima aldaketa, osasuna... Euskara ere agertuko da, baina ez gidalerroen lehen bertsioan baino eragin praktikoagoarekin. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Kontseiluak hori zuzentzeko zenbait alegazio egin zituzten. Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak baztertu egin ditu gehienak, BERRIAk jakin duenez: «Lurralde antolamenduak ez du bere eremua gainditu behar hizkuntzarekin lotutako eremuetan sartzeko».

Uemak eta Kontseiluak Jaurlaritzari eskatu zioten euskarari buruzko ikuspegia «ganoraz» txertatzeko. Hori lortzeko zuzenketak iradoki zizkioten zenbait esparrutan. Esaterako, arnasguneen definizioa gehiago garatzeko eskatu zuten; are, definizioan eduki soziolinguistikoak, geografikoak eta funtzionalak sartzeko eskatu zuten. Jaurlaritzaren ustez, ordea, lurralde antolamendurako dokumentuari ez dagokio arnasguneen kontzeptuaren «osagai guztiak» garatzea.

Horrez gain, Uemak eta Kontseiluak galdegin zuten, batetik, lurraldea antolatzeko gidalerroetan hirugarren gune soziolinguistikoa kontuan hartzeko: biztanleen %50-80 euskaldunak diren guneak. Udalerri horiek arnasgune izateko «potentzial handia» dutela hausnartu zuten. Bestetik, nabarmendu zuten gidalerroek ez zituztela «behar besteko zehaztasunez» jasotzen EAEko Udal Legeak ezarritako zenbait irizpide. Lege horren arabera, udalerriek eragin linguistikoaren ebaluazioa egin behar dute, beren egoera soziolinguistikoan «eragin kaltegarriak» izan ditzaketen hirigintza proiektuetatik babesteko. Are, gogorarazi zuten hori egiteko tresna badagoela.

Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartu proposamenak. Hausnartu du hizkuntzarekin lotutako eremuak lurralde antolamendutik at daudela. Hala ere, defendatu du euskara gidalerroen barruan txertatu behar dela; betiere, zehaztuta «lurraldearen eremua gainditzen duen alderdia» dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna