Eskola jazarpena salatu zuen bere buruaz beste egin duen gaztetxoak

Jaurlaritzak jaso zuen salaketa 'bullying'-agatik: «frogarik» ez zuten ikusi, nahiz protokoloa hasi zuten. Beste eskola batera joana zen mutikoa

Galea lurmuturraren inguruan aurkitu zuten gaztetxoa hilda, astelehenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak bazuen igandean bere buruaz beste egin zuen gaztetxoaren berri. Nerabearen familiak salaketa jarri zuen, bullying-a jasaten ari zela. Hala baieztatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Haren arabera, salaketa jaso orduko martxan jarri zuten halako kasuetarako protokoloa, nahiz eta ez zuten jazarpenari buruzko «frogarik» sumatu. «Esku hartu zen», nabarmendu du sailburuak. Gaztetxoa aldatu egin zuten ikastetxez, eta oraingo eskolan ez zioten arazorik nabaritu. Ertzaintza ari da kasua ikertzen, eta eskolaren ingurukoei ere lekukotasuna hartzekoa die. Hildako mutikoak 13 urte zituen, eta haitzartera bota zuen bere burua.

Astelehen goizean aurkitu zuten hilotza, Galea lurmuturraren inguruan, Getxon (Bizkaia). Bezperatik ari ziren haren bila, senideek salatu baitzuten eguerditik ez zeukatela haren berririk. Ertzaintzak ikerketa zabaldu zuen, halakoetan ohi duenez. Batetik, baieztatu nahi dute suizidioa izan zela, gazteak bere burua bota zuela haitzetara, eta, bestetik, argitu nahi dute zergatik egin ote zuen hori. Ertzaintzako iturrien arabera, «hipotesi guztiak» dauzkate irekita. Familia inguruan ari dira galdezka, baina ari dira eskola ingurua ere aztertzen. Polizia iturriek hasieratik jakinarazi zutenez, ikaskide batzuekin arazoak izanak zituen.

Garai hartan, mutikoa Erandion eskolatua zegoen, Jaso ikastetxe erlijiosoan. Eskolak ohar bat atera zuen herenegun, suizidioagatik «atsekabea» adierazteko. «Asko sentitzen dugu familiaren mina, eta zerbait egin badezakegu haien alde, badakite gure laguntza eta errespetua izango dituztela». Ikastetxeko iturriek azaldu zuten Hezkuntza Sailarekin harreman zuzenean jarrita daudela.

Mutikoaren jarraipena egiten aritu ziren orain baino lehen ere. Uriarte sailburuak adierazi duenez, izan ere, Hezkuntza Sailean izan zuten bullying salaketaren berri. Jazarpen kasuetarako protokoloaren arabera, salaketa bat jasotzean eta jazarpena dagoela sumatzean horren berri eman behar dio eskolak ikuskaritzari. Babes neurriak jartzeko aukera dute orduan: zaintza areagotzea, ikasleekin hitz egitea... Ikastetxeak txosten bat egin behar du bi asteren buruan: azaldu behar du bullying-a sumatu duten edo ez. Ikusi badute, prozedura bat ireki behar dute; ezezkoan, «neurri hezitzaileak» hartu, gatazka bideratzeko.

Orain, «arazorik ez»

Sailburuak adierazi du ez zutela sumatu jazarpena zegoela esateko zantzurik Erandioko kasuan. «Printzipioz, bazirudien ez zegoela jazarpenaren frogarik, baina, hala ere, martxan jarri zen protokoloa. Esku hartu zen». Xehetasunik ez du eman esku hartze horri buruz, kontuan hartuta adingabeak daudela tartean. Hala ere, kontuan izatekoa da ikastetxez aldatu zutela gaztetxoa. Beste eskola batean ari zen orain, eta ez zuten antzeko salaketarik jaso. «Familiak eta zentroak esan dutenez, ez zuen inolako arazorik».

Eskola jazarpenarekin lotutako gero eta salaketa gehiago iristen dira Hezkuntza Sailera. Aurreko ikasturtean, adibidez, 553 kasu aztertu zituen ikuskaritzak, inoiz baino gehiago —sentsibilizazio gero eta handiagoarekin lotu dute gorakada hori—. Salatutako kasu gehienetan, Erandiokoan bezala, ez zuten sumatu jazarpenik: 79 salaketa identifikatu zituzten bullying gisa, ikertutakoen %14.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.