Jarduera handitu duten enpresak ikertuko ditu Bizkaiak

Ogasunak bidea zabaldu du pisu turistikoen bitartekarien eta diru birtualen jabeen aitorpenak errazteko eta kontrolak indartzeko

Jose Maria Iruarrizaga eta Iñaki Alonso, Bizkaiko Ogasuneko buruak, atzo. BFA.
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Zerga iruzurraren aurkako borrokan beste urrats bat egingo du Bizkaiko Ogasunak: pisu turistikoen alokairuei buruzko, diru birtualen jabeen inguruko, eta nazioartean eta paradisu fiskaletan lan egiten duten enpresa eta zergadunei buruzko informazio zehatzagoa biltzen hasiko da. Horrekin batera, aurten arreta berezia jarriko du pandemiaren garaian jarduera handitu duten enpresetan.

Hala iragarri dute Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak eta Iñaki Alonso Ogasun zuzendari nagusiak. Zehaztu dute datozen bi urteetan osatuko dituztela neurriak, Ogasuna digitalizatzeko martxan dauden proiektuak erabat ezartzean—adibidez, Batuz sistema, fakturei buruzkoa—. Iruarrizagaren arabera, horrek guztiak «biderkatu» egingo du zergadunei buruz duten informazioa.

Diru birtuala, akzioak bezala

Pisu turistikoen eta moneta birtualaren hazkundea dela eta, bereziki kezkatuta azaldu da Ogasuna, eta pauso batzuk eman ditu jada. Aldizkari Ofizialean bi aitorpen eredu berri argitaratu zituen atzo. Bata, alokairuen bitartekariek urtero aurkeztu beharko dutena. Eta beste bat, «diseinu fasean» dagoena, diru birtualen jabetza aitortzeko. Txartelen eta beste ordainketa modu batzuk ere zainduko ditu, bereziki «gailuen titularretan irregulartasunak detektatzen direnean eta zantzuak ikusten direnean eduki ekonomikorik gabeko fakturen inguruan».

Era berean, aldundiak «ahalegin berezia» egingo du aurten COVID-19aren testuinguruan beren jarduera handitu duten enpresen gaineko kontrolean, eta, zehazki, argindarraren sektorekoetan: konpainia merkaturatzaileek betebehar guztiak betetzen dituzten kontrolatuko du.

Sektore horretan eta besteetan ere gertutik zainduko ditu batezbestekotik beherako errendimenduak aitortzen dituzten enpresak. Baita balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzen dituztenak eta hornitzaile eta txikizkako saltzaileen arteko operazioak ere. Ogasunak zordunen eta hartzekodunen konkurtsoan deklaratutako enpresen jarraipena eta kontrola handituko du, halaber. Eta «informazio bilketa selektiboak» egiten jarraituko du nazioarteko fiskalitatearen esparruan aritzen diren enpresen gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.